antisorgailu

iz. Ernalketa galarazten duen substantzia, aparatu edo metodoa.
Metodo naturalak, hau da, eiakulazioa gertatu baino lehen atzera egitea edo coitus interruptusa eta emakumeen ernalketa-aldian abstinentzia edo menstruazio-zikloan oinarrituz Ogino-Knaus metodoaz baliatzea, ez dira batere metodo fidagarriak eta gero eta gutxiago erabiltzen dira.
Gaur egun metodo hormonalak edo lokalak nagusitu dira. Metodo lokalen barruan, mekanikoki edota kimikoki ernalketa eragozten dutenak sartzen dira; preserbatibo edo kondoiak (emakume nahiz gizonezkoentzat), diafragma, espermizidak eta umetokibarneko gailua (UBG-a) dira ohizkoenak. Metodo hormonalen barruan, estrogeno eta progestagenoz osatutako hormona sintetikoen erabilera da nagusi; aho-pilularen, muskulubarneko injekzioaren, inplantearen edota baginaren hondoan ezarritako eraztunaren bidez zabaltzen da hormona hori.
Bai metodo lokalek bai hormonalek kaltea eragin dezakete organismoan (bihotzean, baginan, gibelean, umetokian, etab.etan); bestalde ez dira erabat seguruak. Hori dela eta, metodo berri eta egokiagoak aurkitu nahian ikerketa asko burutzen ari da; horrela, arrautza umetokian finkatzea eragozteko RU-486 pilula (antiprogesterona) garatu da. Pilula honek obulazioa blokeatuz eragiten du kontrola. Obulazioa blokeatu gabe, ernaldutako arrautza hiltzeko (beste zelulak ukitu ere egin gabe) substantzia toxikoak ere erabiltzen dira. Ikerketa inmunologikoetan espermatozoideak edota trofoblastoak desegiteko antigorputzak lortu nahi dituzte; emakumeari injektatu ondoren edozein espermatozoide edo trofoblastori eraso egiteko. Gizonezkoek hartzeko pilula antikontzeptiboa ikertzen ari dira.
antisozial




Atzera