atletismo

iz. KIR. Oinezko lasterketak, jauziak eta jaurtiketak biltzen dituen kirol-proben multzoa. Banako proba bakunez gain, taldekako lasterketak eta proba konbinatuak ere sartzen dira.
Atletismoko modalitate askok Grezia klasikoan du jatorria, baina badira geroztikakoak ere, hala nola lehen aldiz 1896ko Olinpiadan lehiatu zen maratoia (antzinatean ez zegoen distantzia handiko probarik) eta errelebu-lasterketa, jatorriz amerikarra.
Atletismo modernoa Erresuma Batuan garatu zen XIX. mendearen lehen erdi-partean eta Atletismo Amateurraren Nazioarteko Federazioa (IAAF) 1912an sortu zen.
Munich-eko Joko Olinpikoen ondoren, munduko atleta onenetako batzuk profesional egin ziren eta Estatu Batuetan kokatu zuten beren jarduera nagusia, ia beti pista estalian.
Mendebaldeko atleten profesionalizazioak izan zituen bere ondorio onak, hala nola teknika hobetzea eta baita entrenatzeko metodoak ere, honela, munduko markak hobetuz etorri dira. Baina kirola geroz eta politizatuagoa egon da eta honek atletismoari kontraesan gaizto bat sortu zion: sariak izatea estimatuagoak markak baino. Joko grekoen filosofia berreskuratzeko asmoz, 1983ko abuztuan, Munduko Lehen Atletismo-Txapelketak jokatu ziren Helsinkin, eta bertan marka asko hautsi ziren. Hiru sail bereizten dira atletismoan: lasterketak, jauziak eta jaurtiketak. Gizonezkoen lasterketak 100, 200, 400, 800, 1.500, 5.000 eta 10.000 m; 110 eta 400 m hesidunak; 3.000 m oztopodunak; 20 eta 50 km ibilketa; maratoia; 4 x 100 m eta 4 x 400 errelebuak dira. Emakumezkoenak, 100, 200, 400, 800, 1.500, 3.000 eta 10.000 m; 100 eta 400 m hesidunak; maratoia eta 4 x 100 eta 4 x 400 errelebuak. Bi kategoriek luzera- eta altuera-jauziak dituzte eta pisu-, disko- eta txabalina-jaurtiketak egiten dituzte; gizonezkoek pertika-jauzia, jauzi hirukoitza eta mailu-jaurtiketa ere bai. Halaber, proba konbinatuak daude: dekatloia gizonezkoentzat eta heptatloia emakumezkoentzat. Kirol hau tradizionalki aire zabalean praktikatu da, eta halaxe egiten da gaur ere nagusiki, baina pista estalietan ere egiten dira lehiaketak.
Txapelketa nazionalez gain, atletismoan lehiaketarik garrantzitsuenak nazioarteko mitinak, txapelketa kontinentalak, munduko kopa, munduko txapelketa eta, batez ere, Joko Olinpikoak dira.




Atzera