edoskitze

iz. Jaioberria ia esne soilez elikatzea; amagandikoa, artifiziala edo mistoa izan daiteke.
Edoskitzeak haur jaio berria eta bularreko haurra (2-3 hilabetera arte) ia esne soilez elikatzeko prozedura adierazten du. Amagandikoa, artifiziala edo mistoa izan daiteke.
Amagandikoa edo edoskitze naturala deitua, amaren esneaz egiten dena da. Jaioberriak dituen beharretarako edoskitze-mota hau dela egokiena uste da, erraz digeritzen delako, infekzioen aurkako erresistentzia areagotzen duelako eta osagai nutritibo orekatuenak dituelako. Amak gaixotasun larriren bat duen kasuetan (kardiopatia, tuberkulosia, trastorno psikiko larria, sifilia, nefropatia, etab.) ez da haurra amaren esneaz edoski behar. Haur jaio berriari lehen egunetik ematen zaio bularra. Lehen orduetako sekrezioa horitza da eta hirugarren eta seigarren egunaren artean hasten da ama esnea izaten. Edoskitze mistoa amaren esnea nahikoa ez den kasuetan erabiltzen da eta honelakoetan animali jatorriko esneaz osatzen da haurraren elikadura. Edoskitze artifizialean animali jatorriko esnea ematen zaio haurrari. Behi-esnea da gaur egun erabiliena, betiere prestaketa industrial egokiak pasatakoa; hauts-eran edota kontzentratua erabiltzen da.




Atzera