emakumezko

1. izlag. Emakumearena, emakumeari dagokiona. 2. iz. Sexu emeko pertsona.
Emakumezkoaren eta gizonezkoaren arteko kanpoaldeko desberdintasun nagusiak pubertaroan garatzen dira batez ere. Lehen mailako sexu-ezaugarriak, hau da, gernu- eta ugal-aparatuen egitura, lehenagotik erabakita daude eta pubertaroan bigarren mailakoak agertzen dira: menstruazioa, haurrak izateko gaitasuna, ahots aldaketa, bularrak garatzea, ilearen banaketa, etab. Kanpoaldean badira, hala ere, hain nabarmenak ez diren beste desberdintasun batzuk. Emakumezkoen hezurrak finagoak izaten dira gizonezkoenak baino, garezurra apur bat txikiagoa eta bizkarrezurraren gerriz beheko zatia, berriz, zangoekiko luzeagoa. Emakumezkoen pelbisa zabalagoa da eta honen zeharkako diametroa luzeagoa; pubisaren eta femurraren arteko artikulazioa zeiharrago duenez, belaunak bata bestetik hurbilago ditu emakumeak eta ipurmasailen arteko distantzia handiagoa da. Morfologi desberdintasun hauek, oro har, areagotu egiten dira pubertaroan eta gutxitzen hasten dira menopausia heltzean.




Atzera