gene
iz. BIOL. Informazio genetikoaren unitate biologikoa, kromosoma jakin bateko leku zehatz batean aurkitzen dena.
Izaki bizidunen forma eta egitura eratzen duten ezaugarri nola koalitatiboak (begien kolorea, ahoaren forma) hala koantitatiboak (hegoen zabalera, hanken luzera), eta belaunaldi batetik bestera heredatzen direnak, karaktere biologiko izenez ezagutzen dira.
Geneak ADNz osatuta daude eta zelula-nukleoaren barruan kokatzen dira (kromosometan). Espezie bakoitzak kromosoma-kopuru jakin eta aldagaitza dauka, eta hor aurkitzen da izaki bizidun baten informazio genetiko guztia. ADN-molekulen bi helizeak lotzen dituzten base nitrogenatuen ordenak eratzen du kode genetikoa eta berorren gain dago proteina jakin bat eratu ala ez.
Karaktere bat azaltzea ala ez faktore askoren menpe dago, eta gene guztiek ez dituzte agerian geratuko diren ezaugarriak emango. Organismo baten zuzkidura genetikoari, genotipo deritzo, eta erabat azaltzen diren ezaugarri-multzoari, fenotipo. Sexu bidez ugaltzen diren izakien artean, aitarengandik eta amarengandik erdibana jasotako kromosometan dauden geneek erabakiko dute umearen karakterea. Baina gerta liteke karaktere horrek aldaketaren bat azaltzea, aitaren ala amaren geneak zeinek produzitzen duen. Bietako gene batek bestearen gainetik agintzen baldin badu, gene gainartzaile esaten zaio eta bere ezaugarriak argi eta garbi azalduko dira. Aldiz, gene batzuk ez dira azaltzen eta gene azpirakor esaten zaie.
Egitura genetikoa ez da aldaezina; batzuetan, mudarazi egiten duten bat-bateko aldaketak gertatzen dira eta mutazio deritze.
genealogia
Atzera