ADN

(azido desoxirribonukleikoaren sigla) iz. BIOKIM. Azido nukleikoa, kromosomen osagai nagusia eta herentziaren euskarri dena.
ENTZ.
ADN zelula bizidun guztietan dagoen konposatu kimiko organikoa da. Zelularen nukleoko kromosomen osagai nagusia izanik, bere egitekoa, informazio genetikoa (kode genetikoa) gordetzea da eta, beronen laguntzarekin, zeluletako proteinen egitura planifikatu eta kontrolatzea. Giltzarri genetikoak, beraz, zelularen nukleoan daude ADN eran artxibatuta.
Bere osagaiak, desoxirribosa, fosfato taldea eta lau base (adenina, guanina, zitosina eta timina) dituzten beste hainbat nukleotido dira. Nukleotido hauek base osagarrien artean eratzen diren hidrogeno-zubiz lotuta eta bata bestearen inguruan kiribilduta dauden bi katea eratzen dituzte, eskailera-itxurako molekula kiribil edo helize bikoitza eratzen dutelarik. Baseek eratzen duten sekuentzia da informazio genetikoa kodetzen duena.
Organismo guztiak zelula-zatiketaren bidez garatzen dira eta beronen bidez kromosomak luzetara zatitzen dira. Zatiketa hori bi ADN molekularen bi baseen artean gertatzen dela uste da. Askatutako bi kiribilek nukleoan libreki mugitzen diren beste batzuk erakartzen dituzte. Honela, beste bi kiribil bikoitz berri eratzen dira, jatorrizkoaren berdin-berdinak diren bi ADN molekula, eta hauetako bakoitza dagokion zelula umera transferitzen da. ADNaren egitura J. Watson eta F. Crick zientzilariek aurkitu zuten 1953an.




Atzera