azido
1. iz. KIM. Hidrogenoa duen substantzia eta uretan disolbatutakoan H+ ioia ematen duena; base eta metalekin erreakzionatzean gatzak ematen ditu eta tintaroia gorriarazten du. Azido ahula. Azido sendoa. 2. iz. (lgart.) Azido lisergikoaren dietilamida edo LSD. 3. izond. KIM. Azidoaren propietateak dituena. • GEOL. arroka azido. % 65etik gora silizioz osaturik dagoen arroka endogenoa. || lurzoru azido. pH-a 6,5 baino baxuagoa duena.
KIM. Materiaren propietateak sailkatzean, zientzilariek bi substantzi mota desberdin bereizi zituzten antzinatik: azidoak eta baseak. Boyleren arabera (XVII. mendea), azidoak ondoko propietateak zituzten substantziak ziren: zapore garratza, substantziak disolbatzeko, eta base izeneko beste substantzia batzuekin kontaktuan jartzean beren propietateak galtzeko joera. Honela definiturik, azidoek oxigenoa behar zutela ukan pentsatu zuen Lavoisier-ek, azidotasunaren propietateak emateko, baina oxigenorik ez duten konposatu batzuek (HCl) azidoen ezaugarriak zituztela frogatu zen, eta aldiz, oxigenoa duen beste zenbaitek (Na2O, esaterako) ez zuela azidoen propietaterik. XIX. mendean erabilitako definizioan, uretan hidrogeno-ioiak ematen zituen substantzia zela adierazten zen. Baina horrela azidoak disoluzioan soilik definitzen ziren eta definizio zabalagoa behar zen. 1923an Brönsted-ek eta Lowry-k definizio hau eman zuten: azidoa protoiak eman ditzakeen substantzia da, eta basea protoiak har ditzakeena. Honekin ez zen beharrezkoa ura hartzea disolbatzaile gisa. Azidoen naturari buruzko azken teoria Lewis-ek eman zuen urte berean, nahiz eta gero hamabost urtez ahaztua egon zen. Teoria honen arabera, azidoa beste substantzia batek emaniko elektroi-bikote bat konparti dezakeen substantzia da. Definizio honetan, ez da hidrogenorik aipatzen eta beraz, hidrogenorik gabeko substantzia askoren propietate azidoak argitzen ditu.
Azidoak sailkatzeko modu asko dago, teoriak hainbeste. Hedatuenak, azido ahul eta sendotan banatzen ditu, eta hain zuzen azido sendoak uretan oso disoziaturik daudenak dira eta H+ ioi asko ematen dutenak; azido ahulek berriz, H+ ioi gutxi ematen dute. Baina sailkapen hau ez da oso zehatza eta neurri hori emateko pH eskala definitu zen.
Beste sailkapen-modu batek, azido mineralak eta organikoak bereizten ditu. Lehenengoetan hidrogenoa metal edota metaloideekin konbinatzen da. Oxigenoak ere parte hartzen badu oxoazidoak dira eta ez badu parte hartzen hidrazidoak. Azido organikoak karbono, oxigeno eta hidrogenoz osatuak daude eta karboxilo erradikala dute formulan. Azido aromatikoetan karboxilo taldea karbono-atomoz eratutako nukleo bati lotzen zaio.
Atzera