oxigeno

iz. KIM. Zenbaki atomikoa 8 eta pisu atomikoa 15,99 duen elementu kimikoa (O).
Oxigenoa kolore, usain eta zaporerik gabeko gasa da (likidotzen denean, berriz, urdina da). Dentsitatea 1,105 g/cm3-koa du eta -183 ºC-tan likidotzen da. Oxigenoaren molekula biatomikoa da (oxigenoaren aldaera triatomikoa, O3 alegia, ozonoa da).
Lurrazaleko elementurik ugariena da: airearen bolumenaren bostetik bat oxigenoa da, lurzoruaren % 47 eta ozeanoen % 89 da pisuan, eta, gainera, harri gehienen eta izaki bizidun guztien osagai ere bada. Ugaritasunarekin jarraituz, unibertsoaren hirugarren osagaia da, hidrogenoaren eta helioaren ondotik. Bizitzarako ezinbestekoa da animalia zein landareentzat, izaki bizidun guztiek behar duten energia substantzia organikoak oxigenoarekin arnasketan konbinatuz lortzen baitute. Landareen fotosintesiaren emaitzetako bat da, eta honela lortzen da atmosferako oxigenoa berritzea.
Oso elementu elektronegatiboa izaki, elementu gehienekin konbinatzen da oxidoak eratuz, eta aldi berean beroa askatuz; metal ugari dira atmosferako aire soilarekin oxidatzen direnak (atmosferako hezetasunak ere badu zerikusirik). Bestalde, hidrogenoarekin batera ura osatzen du.
Industrialki oxigenoa bi modutan lortzen da: aire likidoaren distilazio zatikatuaren bidez, edota uraren disoluzio alkalinoen elektrolisiaren bitartez.
Erabilera ugari ditu oxigenoak, garrantzitsuenak, erregai moduan (sopleteetarako, altzairugintzan), industria kimikoan (azetilenoa, kloroa, azido sulfurikoa bezalako substantziak lortzeko eta egoera likidoan lehergaiak lortzeko), espazio-koheteen errekari gisa eta medikuntzan.




Atzera