aldi
iz. 1. Denbora, garaia. Horko langile izan nuen aita aldi batez. 2. Gertaera edo ekintza baten gauzatze desberdin bakoitza. Ikusi duen lehen aldia. Lau aldiz etorri zen. 3. Txanda. Orain nere aldia da. 4. Denboran zehar gertatzen den zerbaitetan bereiz daitezkeen zatietako bakoitza. Europako gerrak bi aldi izan zituen. Lau aldiko motorea. Ilargiaren aldiak. 5. Norbaitek bere umorean izan dezakeen aldakuntza, aldartea. Aldi onak, txarrak, gaitzak. Bere aldiak baditu. 6. GEOL. Ik. periodo. 7. HIZKL. Aditzaren gramatika-kategoria, adizkiak duen denbora gramatikala azaltzen duena. Euskaraz, oraina, iragana eta alegiazkoa izan daiteke (adib., etorri naiz adizkia denbora aldetik iraganaldia bada ere, aldiari dagokionez oraina da). 8. MUS. Konpasaren zatietako bakoitza. • ALDI ORO. Aldi guztietan, beti. Nahi duen aldi oro bete dezake. || ALDIAN ALDI-. (Kasu-atzizkiak erantsiz erabiltzen da) Garai edo une bakoitzari dagokiona edo behar duena adierazteko esapidea. Hezerik janarazten bada, aldian aldikoa ebaki behar da. Egunero egin behar dute otoitz, aldian aldiari dagokion eran. || ALDIAN ALDIAN. Noizean behin. Aldian aldian joaten naiz Donostiara. || ALDIAN BEHIN. Noizean behin. Aldian behin egiten dena. Aldian behingo beste sari bat. || ALDIZ. 1. Zerbaiten gertaldi bakoitza adierazteko erabiltzen den hitza (zenbatzaileekin [bat ezik] edo zenbat galdetzailearen ondoren). Hiru aldiz saiatu zen eta hiruretan huts egin zuen. Zenbat aldiz etorri da? 2. Zenbaki bat beste batez biderkatzearen adierazlea; zerbait edo norbait beste batekiko koantitatiboki edo koalitatiboki neurri zehatzean konparatzearen adierazlea (zenbatzaileekin [bat ezik] edo zenbat galdetzailearen ondoren). Hiru aldiz ehun. Zure kotxea nirea baino hiru aldiz merkeagoa da. Mila aldiz politagoa.
Atzera