korregidore

iz. Gaztelako erregeek Bizkaian eta Gipuzkoan jarritako ordezkaria (XIV. m.). Espainian, herri edo lurraldeetako gobernu- eta justizi funtzioak betetzen zituen.
Korregidorea mahaiburu izaten zen Batzar Nagusietan, baina ez zeukan esku hartzerik legegintzan. Hala ere diputazioena adinako aginte exekutiboa zeukan. Epaile lanak ere egiten zituen, auzitegia bere menpeko zeukala. Horrela, Batzarraren erabakiak Gaztelako erregearen eskutik betetzen ziren, haren larderia, de facto, Batzarraren gainetik egonez. Korregidoreek gehiegikeria handiak egin zituzten nonahi, eta kexu ugari sorrarazi zuten. Probintziako foru-baimenak errespetatu eta begiratzeko zina egiten zuen bere postua eskuratzean, eta halaberean frogatu behar zituen noblezia eta odol-garbitasuna ere. Korregidorea, bestalde, hiribildu guztien Alkate Nagusia zen. Ez zeukan egoitza finkorik, eta Azkoitia, Azpeitia, Donostia eta Tolosa hartzen zituen aldian aldiko Gipuzkoan, eta Bermeo, Bilbo eta Durango Bizkaian. Korregidorearen irudia eta larderia 1835ean galdu zen: epaiketa arazoetan lehen instantziako epaileek ordezkatu zituzten, eta herrietako gobernuan eta administrazioan alkateek.




Atzera