noblezia

iz. 1. Noble denaren nolakotasuna. 2. Nobleen multzoa, gizartean titulu edo eskubide bereziak izan ohi dituen goi-mailako giza taldea.
Hiru izan ziren antzinako zibilizazioetan noblezia agertzeko arrazoiak: lehenik, arma baliotsuenak gutxiengo aberats baten esku egotea, bigarrenik, gutxiengo horrek -funtzio militarrak zirela medio- pribilegiozko egoera hartzea eta, hirugarrenik, pribilegio horiek jaraunspenez transmititzea. Noblezia gerlaria herri indoeuroparretan, Grezian eta Erroman existitu zen. Barbaroen inbasioek beste kasta militar bat agertarazi zuten, gerora jauregiak eta lur-sail handiak izateagatik nahiz nekazariak bere menpe edukitzeagatik sendotu zena. Errege-erreginek kargu politiko eta militarrak eman zizkioten nobleziari eta, denborarekin, hauek jaraunspenezkoak egin eta familiarentzat bereganatu zituzten. Honela, duke, markes, konde, baroi, etab.ez osatutako estamentua eratu zen, gobernu edo miliziako antzinako karguen izendapen-tituluak betikotu zituena. Erregea bera hierarkia honetako kiderik behinena zen eta bere aginpidea nobleziak eman ziezaiokeen laguntzari lotuta zegoen, izan ere, nobleen osteek osatzen baitzuten erregearen armada.
Aro Modernoan gerraren antzea aldatzearekin batera, nobleziak izandako garrantzia gutxitu egin zen, hala ere, lur-aberastasuna eta beronetan oinarritutako jaun-eskubideak mantendu eta gobernu, armada nahiz elizako goi-kargu guztiak monopolizatu zituen. XVIII. m.an nobleziak bide bertsutik jarraitu zuen, baina 1789ko Iraultza Frantsesa mugarri nabarmena izan zen ondorengo bilakabidean. Industri iraultzarekin batera, langileen klase soziala agertu zen eta lehendik indarrean zetorren burgesia sendotu.




Atzera