klase

iz. 1. Ezaugarri bereko elementuen multzoa. 2. Pertsonak eta gauzak beren izaera edo garrantziaren arabera sailkatuak izan daitezkeen kategorietako bakoitza. Lehen klaseko hotela. 3. Interes eta ezaugarri berdinek elkartzen dituztela, gizartean antzeko egoera edo funtzioak dituzten gizabanakoek osatutako taldea. Klase soziala. Langile-klasea. Klaserik gabeko gizartea. 4. BIOL. Izaki bizidunen sailkapenean, filumak edo dibisioak banatzen diren kategoria taxonomikoa, bere baitan ordenak hartzen dituena. 5. HEZK. Eskola, ikasleek irakaslearen gidaritzapean burutzen duten irakaskuntza-saioa. • klase-kontzientzia. Klase sozial bateko partaideak elkartzen dituen sentimendua, klaseak bere buruaren egoeraz duen kontzientzian datzana.
Komunitate bateko partaideak lanbide, bizi-maila, lorpen eta beste faktore batzuen arabera bereizten dira klase sozial desberdinetan. Mendebaldean faktore ekonomikoak eta kulturalak dira nagusi bereizketa honetarako; beste leku batzuetan, ordea, bestelakoak izan daitezke, hala nola kontzeptu erlijiosoak Indiako kasta-sisteman.
Klase-banaketaren formarik bortitzena esklabotza onartzen zuten gizarteetan ematen zen. Esklaboak hiritar libreen jabego ziren eta ez zuten inolako eskubide eta babes legalik. Erdi Aroko bilakaera sozialean, eta baita Aro Modernokoan ere, lur-jabetza erabakigarria izan zen klaseen egitura berria sortzeko garaian. Feudalismoa izan zen horren adierazpena, elkarrekiko eskubide eta betebeharrez eratutako menpekotasun-sistema konplexua; menpekotasun-forma piramidaleko egitura zuen: gailurrean erregea, ondoren nobleak eta kleroa, segidan plebeioak eta azkenik jopuak. Gizarte estamentalak Iraultza Frantsesa bitartean iraun zuen eta garai honetan beste klase sozial bat agertu zen: burgesia.
Industrializazioak eraitsi zuen ordena sozial hau. Teoria marxistaren arabera, bi klase berri bereizi behar ziren: alde batetik, kapitalisten klase txikia, nobleziak eta goi-burgesiak osatua, eta bestetik, proletargoa, artisau, nekazari eta bestelako langileek osaturiko talde zabala. Marxismoarentzat historiaren eboluzio-faktore garrantzitsuena klase-borroka da, eta iraultza eta proletargoaren diktadura aldarrikatu zituen klaserik gabeko gizartea lortzeko bitarteko gisa.
Ideologia liberalak hiru klase bereizten ditu, goikoa, erdikoa eta behekoa hain zuzen ere.




Atzera