eboluzio

iz. 1. BIOL. Denboran zehar izaki bizidunei gertatutako aldaketa mailakatu eta jarraien multzoa, forma berriak sortu dituena. 2. (hed.) Mailaz mailako aldaketa; aldaketa baten egoera jarraien multzoa. 3. (pl.) Higidurak. Dantzarien eboluzioak.
XVIII. mendera arte, naturalistek uste zuten espezieak (bai animaliak, baita landareak ere) banan-banan sortuak izan zirela, eta horrela irauten zutela ordudanik aldagaitz, inolako aldaketarik gabe. Izakiak denboran zehar aldatu egiten direla eta jatorrian arbasoen formak dituztela dioen teoria eboluzionista, beraz, nahikoa berria da. Jean-Baptiste Lamarck naturalista frantsesak, 1800. urtearen inguruan, gerora lamarckismo deitua izan zen teoria zabaldu zuen, eta hor zioenez, izaki bizidunak ingurunearen eraginez aldatu eta beraz, erabiltzen diren organoak garatu egiten dira eta erabiltzen ez direnak atrofiatu (igerian erabilitako gorputz-adarra hegats bilakatuko litzateke denborarekin). Horrek, atzemandako ezaugarriak geneen bidez transmititzen direla onartzea adierazi nahi du (hau faltsua dela frogatu ahal izan da gerora). C. Darwin-ek Espezieen jatorriaz hautespen naturalaren bidez liburua argitaratu zuenean finkatu, zehaztu eta lau haizetara zabaldu zuen ideia hori (Wallace britainiar naturalistak ere teoria bertsuak zituen).
Espezie bakoitzaren barruan bariazio indibidual handia ematen da eta Darwinek jakinarazi zuen bariazio hau hereditarioa zela. Baliabide eskuragarriak gutxi dira eta horiek lortu nahian dabilen indibiduo-kopurua, berriz, oso handia; honek bizi-borroka lekarke eta horretan egokien moldatuek iraungo lukete bizirik. Prozesu honi hautaketa naturala deritza. Teoria honen arabera, bizirik garaile ateratako indibiduoak ugaldu egingo lirateke eta ondorengoei berezitasun mesedegarriak transmitituko lizkiekete, honela espezieak, jatorrizko egituratik bereizi eta aldenduz, baldintza espezifikoen multzo batean espezializatuko ziratekeen. Prozesu honetan espezie berriak sortuko ziren, zaharrak ordezkatuko zituztenak. Hautespenean, ingurugiroaz gain (klima, aldaketa geologikoak, etab.), espezie bereko partaideen arteko lehiak eta espezie desberdinen arteko borrokek ere izango zuten eragina. Darwinek ez zuen sinesteko moduan adierazten ornodunen begia bezalako organo konplexuen eraketa edota belaunaldiz belaunaldiko ezaugarrien herentzia. Mendelek aurkitutako lege genetikoek argitu zuten arazoa eta finkatu zuten darwiniar teoria. Espezieen egitura genetikoan emandako aldaketak, gorputzeko ezaugarrien adierazpena arautzen duten geneetan gauzaturiko mutazioak izan bide ziren. Aldaketen beste faktore bat, meiosian gertatzen diren kromosomen arteko gaingurutzamenduak izango ziren, kromosoma homologoen ezaugarri desberdinen konbinazioekin.
Gaur-gaurkoz, eboluzioaren teoria da gertaera genetiko, ekologiko eta paleontologiko guztiei erantzuten dien bakarra. Anatomia konparatuak argi eta garbi erakusten du espezie, familia, etab. desberdinen artean dagoen erlazioa, oraintsudanik azterketa biokimikoaren metodoekin egiazta daitekeena.
Eboluzioari buruzko bi eskola nagusi dago. Gradualistak eboluzioa norabide bati jarraituta astiro-astiro eta mailaz maila jazotzen dela dio. Oreka hautsiarenak ordea, espezieak egonkorrak direla, denbora geologikoaren ikuspegitik nahikoa iraupen luzea dutela eta aldaketak bat-batean eta azkar gertatzen direla dio.




Atzera