kasta

iz. 1. Enda, leinua. 2. Pribilegio bereziak dituen giza taldea, taldekoa ez den edonorekiko izaera berezia azpimarratzen duena. 3. (hed.) Pertsona edo animalia baten kalitatea. Kasta gutxiko zezena. 4. ANTR. Pertsona-talde endogamiko eta hereditarioa, hierarki sistema bateko elementu edo maila dena (Indiako gizartean tipikoa). 5. ZOOL. Herentziaz transmititutako zenbait karaktere duen animali barietatea. 6. ZOOL. Intsektu sozialetan, funtzio espezifikoen arabera bereizten diren formetako bakoitza.
ANTR. Kasten sistema -etnia, lanbide, erlijio nahiz politikaren araberakoa- hainbat herri zein garaitan eman izan da. Asiaren hegoaldean, Indian bereziki, sendotu zen eta bizitza erlijioso, sozial zein politikoaren ardatz nagusia da.
Kasta izendatzen duten hitz sanskritoak varna (kolorea) edo jati (jaiotza) dira. Kontzeptu hau ez da agertzen lehen himno vedikoetan; aitzitik K.a. II. eta K.o. II. m.en bitarteko kodeetan jada sistema gisa azaltzen da. Dirudienez, hasiera batean konkistatzaile ario eta bertakoen arteko bereizgarri gisa ezarri zen; geroago brahmanak honetaz baliatu ziren erlijio- eta irakaskuntza-mailan beren monopolioa eratzeko. Beraiek izan ziren kastetan gorena osatu zutenak, hots, apaizgoarena. Honen azpitik gerlariak daude (ksatriya), ondoren merkatari, nekazari eta abeltzainak (vaisya) eta azkenik artisauak (sudra). Banaketa nagusi honetaz gain, kasta eta azpikasta asko dago funtzio sozial, arraza, tribu, etab.en arabera.
Jaiotzan bertan erabakitzen da kasta, eta kasta ezberdineko lagunen arteko ezkontzak bi lagunak kastarik gabekoak edo paria bihurtzen ditu. Pariak edo "ukiezinak" erdeinatuenak dira guztien artean, ez baitute inolako eskubide sozialik eta besteek nahi ez dituzten lanak egin behar izaten baitituzte.
Kasten sistema oso errotua dago indiar gizartean eta berau indargabetzen saiatu zirenak -budismoa kasu- ez zuten lortu. Oztopo nagusia izan zen Indiako gizartea batzeko 1947ko konstituzioa arte, eta, egun ere, nahiz eta ofizialki abolituta egon, indarrean dirau nekazaritza-eskualde batzuetan.




Atzera