erlijio

iz. 1. Jainkotasuna eta gizakiaren arteko erlazioa definitzen dituzten sineste eta dogmen multzoa; sineste horietako bakoitzak berezkoa duen praktika- eta errito-multzoa. 2. (zah.) Ordena erlijiosoren batean bizi denaren egoera. Erlijioan sartu.
Erlijioaren fenomenoa anitza da, eta filosofiak erlijio guztientzat nolabait baliagarria izan daitekeen definizioa bilatu baldin badu ere, erlijioen fenomenologiak eta historiak horien ugaritasuna eta desberdintasunak ipini izan dituzte nabarmen, guztietako funtsezko giza esperientziaren dimentsioen eta horiek adierazteko baliabide teoriko-praktikoen arteko kidetasun zabala agertzearekin batera. Erlijioaren iturburuko kontzeptu eta irudikapen ezberdinak daude erlijio-aniztasunaren oinarrian. Guztiok nolabait bildu ahal izateko, misterio hitza erabili ohi da, erlijiozko sentipenaren eta esperientziaren oinarrian eta horren adierazpideen azpian dagoen azkenburuko errealitate naturaz gaindikoa izendatzeko.
Erlijio bakoitzak bere teologia du, gehiago edo gutxiago landua, bere sinesteen eta praktiken arrazoia ematen duena. Erlijioaren giza fenomeno zabal eta ugariak, ordea, hainbat giza eta gizarte-zientziaren interesa sortu du XIX. mendetik hasita batez ere; eta horrela erlijioaren filosofiaz gain, erlijioen historia, erlijioaren psikologia, erlijioaren soziologia, erlijioaren pedagogia landu dira, zientzia bakoitzaren kapitulu, aztergai edo parte espezifiko gisa. Erlijioen historiak herri eta kultura guztietan aurkitu izan du erlijiozkoaren dimentsioa, sistema kultural espezifiko gisa formulatuta ala ez. Horren gain erlijio konparatuen zientzia berezia sortu zen XIX. mendean, gaur egun erlijioaren fenomenologia izendatzen dutena, eta erlijioetako adierazpide ugariak eta ezberdinak sistematikoki eta orokortasunez aztertuz eta konparatuz, erlijioen sailkapen arrazionalera iritsi eta erlijioaren antropologia formulatzea nahi duena.
Erlijioen tipologiari dagokionez, eta horretarako irizpideen arabera, honako sailkapenak egin ohi dira: erlijio monoteistak, politeistak eta henoteistak; erlijio etnikoak edo nazio bakoitzekoak eta erlijio unibertsalak; erlijio (edo erlijio-era) mistikoak eta erlijio (edo erlijio-era) etiko-profetikoak; natura-erlijioak eta histori erlijioak; erlijio naturala eta errebelazio-erlijioak. Bestalde, eta mitologien, herri-erlijioen eta natura-erlijioen aurrez aurre fundazio-erlijioak daude, hau da, beren fundatzaile edo eratzailetzat pertsonaia historikoren bat ezagutzen eta aitortzen dutenak: budismoa, judaismoa, kristautasuna eta islamismoa horrelakoak dira; alderantziz, hinduismoa, xintoismoa eta, oro har, animismo-forma guztiak erlijio ez-historikotzat jotzen dira. Fundazio-erlijio historikoa errebelazio-erlijioarekin berdindu ohi da sarritan, fundatzaileak harturiko errebelazio naturaz gaindikoan duelako bere iturburua; horren kontrakoa litzateke erlijio naturala, errebelaziorik gabe jainkozkoa ezagutzeko giza arrazoiari gaitasun osoa aitortzen diona.
Jarraitzaileen aldetik erlijiorik handiena kristautasuna da, Palestinan jaioa eta 1.750 milioi jarraitzaile inguru dituena bost kontinentetan zabalduta, batez ere Europan eta Ameriketan; bigarrena islamismoa da, Arabian sortua, eta bereziki Ekialde Hurbilean, Afrikan eta Asian zabalduta 1.175 milioi inguru jarraitzaile dituena; hurrena, hinduismoa 800 milioi inguru jarraitzailerekin, gehien-gehienak Indian eta Nepalen; budismoa Indian sortu zen eta 340 milioi inguru jarraitzaile ditu, baina gutxi dira Indian bertan, eta gehienak Tibeten, Txinan, Japonian eta, batez ere, Asiaren hegoaldean kokatuta daude. Konfuzianismoa "txinatar erlijio" tradizionaltzat hartu izan da, baina Koreara, Vietnamera, Japoniara eta Asiaren hegoekialdera ere zabaldu zen. Judaismoa erlijio historiko monoteista da, kristautasuna eta islamismoa bezala, 19 milioi inguru dira mundu osoan, bereziki Israelen, Ipar Amerikan eta Errusian kokatuak.
erlijiogabe




Atzera