fenomenologia
iz. FIL. Fenomenoen hurrenkeraren eta fenomeno-multzo baten azterketa deskribatzailea.
XX. mendeko filosofi munduan fenomenologia hitzaren inguruan biltzen dituzte hainbat filosofo eta joera, zuzenean edo besteren bitartez Edmund Husserl matematikari eta filosofoari dagozkionak. 1906an argitaratu zuen Husserlek Fenomenologiaren Ideia: errealitatea ezagutzeko metodo berria eskaini nahi zien bai filosofiari eta bai zientziei, "gauza gauzetara" zuzenean jotzea goiburutzat zuena, geure esperientziako "fenomeno" konkretu gisa ulertuz horiek; horretarako, eta hasteko, geure baldintza ideologikoak, geure aurreiritziak eta usteak alde batera utzi behar omen ditugu.
Fenomenoen zientzia da fenomenologia. Bere metodoa du eta hiru motatako "murriztapen" edo soilketan gauzatzen da: a) fenomenologikoa, esperientzia konkretuko gertakariak kontzientziako fenomeno garbi bihurtzeko; b) eidetikoa, gertakariak ingurumari historikoetatik soildu eta esentzia huts bihurtzeko; c) transzendentala, kontzientziako esanahiak eratzeko eta eraikitzeko. Kontzientziako fenomenoak, esentziak eta esanahiak ez dira, ordea, esperientziako gertakariez kanpoko a priorizko ideiak; alderantziz, gertakari desberdinei dagozkie intentzionalitate-modu desberdinez. Horrela, zientzien oinarri filosofiko berria izan nahi du fenomenologiak: zientzia positiboen eta naturalen nahiz giza zientzien presupostu eta oinarri.
Husserlek eta bere fenomenologiak eragin handia izan du, bereziki Europako filosofian; baina hasieratik joera eta korronte ugaritan banatu zen. Alemanian bertan Max Scheler-ek eta Martin Heidegger-ek oso bide desberdin eta pertsonaletatik garatu zuten beren filosofia, Husserlen fenomenologiatik abiatuz. Fenomenologiari zor dio bere inspirazio-puntu nagusietako bat -objektu eta gertakari bakoitza bere izaera konkretuan atzematea- existentzialismo frantsesak ere, nahiz eta Husserlen ikuspegitik heterodoxotzat hartu behar existentzialismoa oro har; horren lekuko nagusiak P. Sartre eta N. Merlau-Ponty dira. Bestelako adierazpen ugari izan du fenomenologiak Europako nahiz Europatik kanpoko filosofoengan: E. Levinas eta P. Ricoeur (Frantzia), H.L. Van Breda (Belgika), S. Strasser (Herbehereak), M. Farber (EEBB).
fenomenologiko
Atzera