pedagogia
iz. HEZK. 1. Hezkuntzaren metodoa eta printzipioak aztertzen dituen jakintza. 2. Alor jakin bateko hezkuntza-jarduera; ikaskuntza-metodoa. Hizkuntzen pedagogia.
Pedagogia haurrari garrantzi handirik ematen ez zion teorizazio filosofikoa edota helduen proiekzio soila izan da maiz. Hezkuntza berriak, aldiz, ikuspegia guztiz aldatu eta haurrak erabat baldintzatzen duen hezkuntza-prozesuaren teorizazioa bihurtu du pedagogia. Gaur egungo pedagogiak hezkuntzaren metodologia izendatzen du eta hezkuntza-zientziaren parte bat da.
Egungo pedagogiaren oinarriak XIX. m.an zabaldutako hezkuntzaren mugimendu teorikoan daude. Mugimendu edo korronte honen ildotik sortu zen XX. m.aren hasieran eskola berria. Pedagogiaren ikuspegitik berritzailea zen oso, eta beste berrikuntzen artean Pestalozzik proposatutakoaren arabera antolatutako lehen mailako irakaskuntza berria (eskulanetan eta elkarren arteko ikaskuntzan oinarritutakoa) eta haurtzaindegien sorrera aipa daitezke. Eskola berriaren funtsean ideia nagusi bat zegoen: ikaslearen heziketa globalaren arabera antolatutako eskola-lanak prestatzea, ikasketa ikasle bakoitzaren ezaugarrietara egokituz.
Gaur egungo pedagogiak ikerketa esperimentalen emaitzetatik hartzen du datu ugari. Esperimentazioa da, izan ere, baliagarriena pedagogiaren alorrean, nahiz eta emaitzak ez izan horren orokorrak eta aldian aldiko kasuetarako bakarrik balio duten. Pedagogiaren alorrak dira, besteak beste, heziketaren filosofia, hezibideen pedagogia, soziopedagogia, pedagogia klinikoa, pedagogia konparatua eta pedagogia didaktikoa.
Atzera