Alpeak

Europako mendikatearik altuena. Mediterraneotik Vienarainoko arkua osatzen du; 1.100 km eta 300.000 km2. Mendirik altuena Mont Blanc da (4.807 m). Frantzia, Italia, Suitza, Alemania, Liechtenstein, Austria eta Esloveniaren artean banatuta daude. Hiru ibai nagusi jaiotzen dira bertan: Rhin, Rodano eta Po. 4.000 m-tik gorako mendiak asko dira: Mont Blanc, Monte Rosa, Cervino, Jungfrau, Ecrins mazizoa, etab. Klima gogorra da altitude eta prezipitazioengatik (elurra). Landaredia mailakatua dago: 2.000 m-ko altitudera arte basoa; gorago, larreak, eta 3.000 m-tik gora harkaiztegiak eta elur iraunkorrak. Baldintza naturalak gogorrak diren arren antzinatik bizi izan da jendea Alpeetan. Ekonomia tradizionala autarkikoa da, halabeharrez. Artisautzak garrantzia du, turismoari begira batik bat (erlojuak, altzariak, jantziak, egurra, larrua). Garraiabideen hedapenak hautsi zuen mendietako bakardadea. Trena XIX-XX. m.koa da eta 1960tik aurrera eginak dira tunelak (San Gotardo, San Bernardino, Mont Blanc, San Bernardo Handia, Alberg, Frejus) eta autobideak. Turismoa (negukoa eta udakoa) da Alpeetako jarduera ekonomikorik handiena eta jendeari bertan eusteko arrazoietako bat. Herriak berregin dira eta mendi-estazioak sortu.



Atzera