Cromwell, Oliver
Politikari, militar eta estatuburu ingelesa (Huntingdon, 1599 - Londres, 1658). Heziketa puritanoa izan zuen, bizitza eta ekintza politiko osoan nabarmenduko zitzaiona. Ingalaterra, Eskozia eta Irlandako errege Karlos I.a Parlamentuarekin gatazkan sartu zenean (1642-46), Parlamentuaren armada antolatu zuen eta aurre egin zion erregeari; lehen gerra amaitzean, saiatu zen erregearen eta Parlamentuaren arteko akordio konstituzionala lortzen, baina bigarren gerra zibila lehertu zen (1648). Cromwellek berak menperatu zituen erregezaleak eta, Parlamentuko parte gogorrenak bultzatuta, erregearen heriotza-zigorra sinatu zuen (1649). Britainiar uharteetan Errepublika -Commonwealth- aldarrikatu ondoren, bera izendatu zuten Estatu-Kontseiluko buru. Benetako diktadura militarra ezarrita, ankerki menperatu zituen Irlandako eta Eskoziako erregezaleak. Parlamentuak Cromwell-en eskuetan utzi zuen boterea. Honek "hiru nazioen" (Ingalaterra, Irlanda eta Eskozia) Protektoratua eraiki eta "lord protektorearen" kargua hartu zuen. Botere politikoa Parlamentuaren eta protektorearen artean zegoen banatua eta geroztik etengabeak izan ziren bien arteko gatazkak. Bizitzako azken egunetan, semea izendatu zuen ondorengo. Baina bera hil ondoren, monarkia ezarri zuten berriro (1660).
Atzera