kostunbrismo

iz. Literatur eta pintura-lanetan herri edo lekuetako ohitura tipikoak deskribatzeko joera.
Joera honek eragin handia izan du Espainiako literaturan, eta esan liteke beraren ezaugarria dela. Erdi Aroan sortua, Espainiako literaturaren Urrezko Aroan garatu zen gehienbat. XVI. eta XVII. mendeetan, poesian lehenik eta prosan gero, ohitura-koadroak garatu ziren. Koadrook ohituren eta "eskualdeen nortasunaren" deskribapen zehatzak dira, batzuetan asmo didaktikoarekin, besteetan ironiko edo kritikoarekin, eta noizean behin nolabaiteko ondorio filosofikoak ateratzearren. Genero honen lantzaile nagusiak Mariano José de Larra (1803-37) eta Ramón de Mesonero Romanos (1802-82) izan ziren Madrilgo giroa eta jendea aztertzen, eta Seraf'n Estébanez Calderón (1799-1867) Andaluziakoa aztertzen. XIX. mendearen amaiera aldera garrantzi handia izan zuten, betiere Espainiako literaturan eta joera honetan, Fernán Caballerok (1796-1877) eta Pedro Antonio de Alarc-nek (1833-91) Andaluzian, eta José María de Peredak (1833-1906) Gaztelako itsasaldea den Santander mendietako ehiza-ohiturak idatziz lantzen. Noizbait korronte honen barruan kokatu izan dira Txomin Agirreren Kresala (1901) eta Garoa (1907) nobelak, eta espekulatu ere izan da Peredaren eragina izan ote zuen. Joera hau ageri egiten da indartsu, tarteka, Espainiako kulturan, kostunbrismoaren aldaera estereotipatua den tipikotasunean. Azpigenero honetan egin izan dira hainbat musika, balet eta film. Euskal literaturak izan du halako kutsurik, batez ere XX. mendearen hasierako antzerki-lan barregarrietan.




Atzera