zesta punta
iz. KIR. Xistera sakonaz eta atxiki nabarmena eginez frontisaren kontra jokatzen den pilota-modalitatea.
Meltxor Gurutzeaga xisteralari errenteriarrak, Amerikan jokatzen ari zela, eskumuturra hautsi zuen 1887an eta sendatzean, xistera maneiatzeko indar gutxiago zuela ikusirik, xistera berri bat eginarazi zuen. Xistera handiagoa eta sakonagoa zen eta, atxiki nabarmena eginik, ahalegin txikiagoz pilota indartsuago jaurti zezakeen, bereziki errebesez (horregatik, xistera honi mauser deitu zioten lehen garaietan). Eztabaida sortu zen, jokatzeko modu berri hau jatorra zela eta ez zela, lehenago atxiki nabarmenik gabe jokatzen baitzen. Edonola ere, pixkanaka onartuz joan zen eta gaur egun munduan zabalduen dagoen modalitatea da. Zesta punta frontoi luzean, normalean binaka eta 35-40 puntuko partiduan jokatzen da. Zesta puntako xisterak, 62-68 cm ditu luzeran, eta 13-15 cm-ko sakonera duen poltsa edo sabela du.
Atzera