zistertar

adj. eta iz. C"teaux-ko abadian abiaturiko monako-bizitzaren erreformatik sorturiko ordenako kidea; delako ordenari dagokiona.
Molesmesko abadia klunitarreko abadea zen San Roberto. San Benitoren erregela zorrozki eta hasierako laztasunez bizi nahian, monasterio berria eraiki zuen 1098an C"teaux-en (Burgundia). Hortik abiatu zen monako-bizitzaren erreforma guztiz indartsua, zistertar ordena izena hartu zuena -C"teaux latinez Cistercium da-. Errenta feudalei uko egin zion ordenak; eraketaren aldetik, abadiak autonomoak izanik ere, horien urteroko batzarra (kapitulua) eta abade bakoitzaren babespeko etxeen urteroko bisita ipini zuen, guztien koordinazio eta kontrol aldera. San Bernando, Clairvaux-eko monasterioaren sortzailea eta lehen abadea, izan zen ordena berriaren hedatzaile nagusia. Oso zabalkunde handia eta bizkorra izan zuen ordenak: San Bernardo hil zenean 338 monasterio zituen, horietatik 68 Clairvaux-etik bertatik eraikiak. Emakumezkoen zistertar adarra 1200ean sortu zen ofizialki.
Nekazaritza aurreratzeaz eta ekonomia suspertzeaz gain, XII-XIII. mendeetan arkitektura-estilo berezia, soildua eta apaingarririk gabea, zabaldu zuten zistertar monasterioek, erromanikotik gotikorako igaroaldi horretan.
Ordenaren indar sozial, ekonomiko eta politikoa handitzearekin eta monasterioen ondasunak ugaritzearekin batera horietako diziplina lasaituz joan zen askotan, eta barne-erreforma eragiteko hainbat saio egin zen; ezagunena 1664an Normandiako Trapako Ama Birjinaren abadian abiatu zen, zistertar adar berezia sortuz: Gordetze hertsiko zistertar ordena erreformatua edo "Trapakoena".
Zistertar ordenak eragin kulturazko eta erlijiozko handia izan zuen Euskal Herrian. Leireko monasterioa izan zen aurrenekoa (1230), eta horren ondoren asko zabaldu zen ordena, Nafarroan batez ere. Leirekoaz gain, Olibako eta Ziortzako monasterioak ditu gaur egun.




Atzera