Bohemia

Txekiar Errepublika osatzen duten bi eskualde historikoetako bat; 52.769 km2 eta 6.390.000 bizt. Elba eta Vltava ibaiek zeharkatzen dute. Hbru. Praga.
Historia. VI. m.an eslaviarrak iritsi ziren eta IX. m.an Moravia Handiko erresumako zati izan zen. X. m.an txekiar printze premysldarrek eskualdeko eslaviar tribuak batu egin zituzten. 1212: premysldarrek errege-titulua lortu eta Inperio Sainduko basailu izan ziren. 1306an premysldarren dinastia agortu eta Luxemburg dinastiak ordezkatu zuen (1310). Karlos IV.ak (1346-78) Praga Inperio Sainduko hbru. izendatu eta Bohemiak oparoaldia bizi izan zuen. 1420-36: Jan Hus-ek zuzendutako erreforma-mugimenduak gerra zibila piztu zuen. 1458: Dietak Jorje Podebradykoa hautatu zuen errege. Ondoren, nobleziak Poloniako Jagellon dinastiako Ladislao II.a (1471-1516) eta Luis II.a (1516-26) erregetu zituen. Hungaria eta Bohemiako koroak batu egin zituzten. 1526: Bohemiako estatuek Fernando I.a Habsburg-ekoa erregetu zuten. Habsburg-eko etxeak 1918 arte iraun zuen Bohemian. Protestanteak errege katolikoen aurka altxatu ziren, baina nobleziak eraso egin (Pragako leihotikatzea, 1618) eta Hogeita Hamar Urteko gerra piztu zen; matxinatuak Mendi Zuriko guduan (1620) garaitu egin zituzten eta Bohemiaren autonomia amaitutzat eman zen. Gerrak lur jota utzi zuen Bohemia. XIX. m.an txekiarren berpizkunde kultural eta abertzalea gertatu zen. Austriaren federalizazioa eta txekiera eta alemanaren berdintasuna eskatu zuten. Industrializazioari esker, garapen ekonomiko handia izan zuen. Lehen Mundu-Gerraren ondoren (1918), Moravia eta Eslovakiarekin batera, Txekoslovakia estatu sortu berrian sartu zen. 1993: Txekoslovakia deseginda, Txekiar Errepublikaren barnean gelditu zen.




Atzera