Platon
Filosofo grekoa (Atenas, K.a ~427 - ~347). Sokratesen adiskide eta Aristoteleren maisua izan zen. Atenasen Akademia fundatu zuen (~387), non filosofia eta zientziak ikertu eta irakatsi baitzituzten sistematikoki. Solasaldiak tituluaren pean bildu ohi dira Platonen hogeita hamar obra nagusiak: Sokratesen Apologia; Kriton; Kratilo; Protagoras; Politeia (edo Errepublika); Oturuntza; Fedro; Fedon; Sofista; Politikaria; Legeak eta Timeo dira nagusienak; Sokratesen eta bere dizipuluen edo aurkakoen arteko elkarrizketa gisa daude eratuta. Sentimenen bidez hautematen dugun mundu fisikoaren gainetik Formen edo Ideien mundua dago Platonentzat, betikoa eta finkoa, adimenaren bidez bakarrik hauteman daitekeena (idealismoa). Arimaren hilezkortasuna irakasten du Platonek, heriotzean gorputzaren kartzelatik irten ondoren egoera hobean biziko dena. Politeia elkarrizketan justiziaren eta erregimen politiko idealaren gaia aztertu zuen: artisauez, soldaduez eta filosofoez osatutako gizarte-klaseetan oinarritutako aristokrazia da, beraren iritziz, erregimen ideala. Dionisio II.aren bitartez Sirakusan horrelako eredua gauzatzen saiatu zen. M-ko pentsaeran, Aristotelerengan, Elizako gurasoengan, islamdar filosofian, Erdi Aroko Eskolastikan, Errenazimentuan eta gaur egungo idealismo logikoaren zenbait alderditan eragin handia izan du.
Atzera