gernu

iz. BIOL. Giltzurrunek jariatzen duten iraizketa-likidoa, maskurian bildu eta uretraren bitartez kanporatzen dena.
Gernua anbar-koloreko likidoa da, usain berezikoa eta zapore mingots-gazia duena. 1,005 eta 1,03 arteko dentsitatea eta pH zertxobait azidoa du (6,2). Pertsona helduak normalean 1.300-1.600 cm3 kanporatzen ditu egunero, pertsona batetik bestera asko aldatzen bada ere. Gernuaren % 90-96 ura da eta gainerako konposatuak urea, sodio kloruroa (gatz arrunta), azido fosforikoa, azido sulfurikoa, azido urikoa, amoniakoa, etab. dira. Balio semiologiko handikoa da, batez ere patologietan, eta medikuek maizen egiten duten analisia gernuarena izaten da.
Animali gernua oso ongarri aberatsa da nekazaritza-lurretarako, potasa- eta nitrogeno-maila altua baititu. Halere, baldintza egokitan bildu behar da, airearekin ukipenean jarriz gero nitrogenoa lurrindu egiten baita.




Atzera