gatz
iz. 1. Sodio kloruroaren izen arrunta (NaCl). Substantzia kolorge, kristalino, disolbagarri eta zapore minekoa da, janariak ontzeko nahiz usteldu gabe iraunarazteko eta industrian erabiltzen dena. Naturako substantziarik ugarienetako bat da, itsasoko m3-ko ia 30 kg gatz baitago (gatz arrunt ere esaten zaio). 2. (hed.) Bizitasuna; bizitasuna ematen duen gauza. Ipuinak halako gatz eta piperrarekin kontatzen dituelako. Gatzik gabeko bertsoak. Gatzik ez duen pertsona. 3. (pl.) Nahaste azido edo alkalinoa, zorabiatutako pertsonei suspertzeko usainarazten zaiena. 4. KIM. Egitura ionikoko konposatua, azido eta base baten arteko erreakzioz edota azido edo base bat metal batekin konbinatzean sortua. • bainu-gatz. (pl.) Gatz mineralen nahaste usaingozatua, bainu-ura usaingozatzeko eta leuntzeko erabiltzen dena.
KIM. Azido batek base batekin erreakzionatzen duenean sortutako konposatua da gatza. Uretan disolbagarriak izaten dira, erraz kristalizatzen direnak eta disoluzioan daudenean elektrolitoak dira normalean. Disolbatzen direnean, disoluzio ionikoa jasaten dute eta gatz neutroa baldin bada (ClNa, esaterako), jatorrizko azidotik eratorritako anioia eta basetik datorren katioia emango ditu soilik. Gatz azidoa bada (NaHSO4 bezalakoa), beste anioi batzuez gainera, H+ ioiak ematen ditu eta basikoa izanez gero (CO3OHCu), beste anioi batzuez gain OH- ioiak ematen ditu.
Egituraren arabera, bakunak (katioi batez eta anioi batez osatuak), bikoitzak (tamaina eta egitura bereko ioi desberdinez osatuak) edo konplexuak izan daitezke.
Atzera