nitrogeno

iz. KIM. Zenbaki atomikoa 7 eta pisu atomikoa 14,006 duen elementu kimikoa (N).
Gas kolorge eta usaingabea da, eta likidotze-puntu baxua du (-195,8 ºC). Diatomikoa da, eta nahikoa geldoa tenperatura normalean (tenperatura altuetan, berriz, atomobakar eta aktibo bihurtzen da eta orduan hidrogenoarekin eta deskarga elektrikoen eraginez oxigenoarekin ere erreakzionatzen du).
Atmosferako airearen osagai ugariena da (% 75,5 masan eta % 78 bolumenean), eta bizidunen ehunetan garrantzitsua da, proteina eta azido nukleikoen osagaia baita. Ekonomikoki ere, zenbait konposatuk (amoniakoa, azido nitrikoa, nitratoak, nitritoak, etab.ek) garrantzi handia dute, eta, besteak beste, ongarri, leherkari eta koloratzaileen fabrikazioan erabiltzen dira.
Naturan nitrogenoaren zikloa izeneko prozesu-multzoa gertatzen da. Atmosferako nitrogenoa zenbait bakterio eta alga berde-urdinek bestek ez dezakete zuzenean asimilatu edo finkatu. Nitrogenoaren finkapen izeneko prozesu horretan aireko nitrogenoa lurzoruko nitrito eta gero nitrato egoerara iragaten da; mekanismoa ezezaguna da oraindik. Lurzoruko nitratoa landareen elikagai nagusienetakoa da, eta bide horretatik heltzen da nitrogenoa gainerako bizidunetara, zelulen osagai bihurtuz. Hondakin organikoetako konposatu nitrogenatuak (nagusiki amoniakoa) bestalde, hainbat bakterioren eraginez, nitrito eta azkenik nitrato bihurtzen dira. Landareek nitrato hau berriz sustraietatik asimilatzen dute, lurzoruko eta izaki bizidunen nitrogenoaren azpizikloa itxiz, edo bestela, desnitrifikazioaren ondorioz, berriro ere atmosferara itzultzen den nitrogeno molekular bihurtzen da.
Nitrogenoa airetik lortzen da distilazio zatikatuaren bidez.




Atzera