monarkia
iz. 1. Subiranotasuna pertsona bakar baten esku dagoen gobernu-mota. 2. Gobernuburua erregea edo erregina duen sistema politikoa. Monarkia liberala. 3. Gobernu-mota hori duen estatua; beronen lurraldea.
Monarkia Jainkoagandik hartzen zelako ideia zaharra XVII. m.an iritsi zen gorenera, eta Luis XIV.aren esaldi ospetsu hartan laburbildu izan da: "Neu naiz estatua!". Monarkiaren kontzeptua Mediterraneoko ekialdeko eta Erromako teokrazietatik heldu zen kristauen erresumetara, Erdi Aroko monarkiei tribu germanikoen monarkia kontzeptua txertatu bazitzaien ere. Monarkia izan zen Erdi Aroko inperioen eta Aitasantutzaren oinarria eta XVI. eta XVII. m.an estatu-nazio berriak sortutakoan, honek eman zien botere zentralizatuaren irudia eta eredua. Gehienetan errege-erregina bilakatu zen agintari, lege-sortzaile eta administrazioaren kontrolatzaile bakarra. Baina Iraultza Frantzesaren ondoren erregetza kendu egin zen hainbat lekutan, Napoleonen agintaritzaren ostean berrezarri baziren ere, boterea murrizturik baina. Latinoamerikan errepublikazaleak ziren, independentistak eta Espainiagandik askatutakoan ez zen, oro har, monarkiarik izan. Brasilen, hala ere, monarkiak 1889 arte iraun zuen. Lehen Mundu-Gerran suntsitu ziren Europan gelditzen ziren monarkia despotikoak -Alemania eta Austria-Hungariakoak- eta 1917an boltxebikeek tsar-a kendu zuten Errusian. Espainian 1931n kendu zuten monarkia, baina Francok errepublika birrindu eta Espainia "monarkia" izendatu zuen 1947an (berak izendatutako Juan Carlos I.ak hartu zuen tronua 1975ean). Eskandinaviako monarkiak, oro har, oso konstituzionalistak eta legebiltzarraren manupekoak izan dira besteen aldean.
Atzera