zinetika
iz. 1. FIS. Partikula materialen higiduran oinarriturik soilik gertakizun-multzo bat azaltzen duen teoria. 2. KIM. Erreakzio-abiaduraren azterketa. 3. KIM. (hed.) Erreakzio-mekanismoa.
Kimikaren arloan zinetikak erreakzio kimikoen abiadura gobernatzen duten legeak aztertzen ditu. Erreakzio batzuk denboran zehar oso motel gertatzen dira, eta beste batzuk, aldiz, bat-batean burutzen dira. Erreakzioen abiadura azkartzeko zenbait sistema dago: tenperatura igotzea, argi-izpiez baliatzea, a, b, g edo X izpiak erabiltzea edo energia elektrikoaz baliatzea. Baina guztien artean katalisia da sistemarik erabiliena.
Disolbatzaile arruntean disolbaturik dauden substantzien edo gasen arteko erreakzioez zinetika homogenoa arduratzen da. Teoria sinpleenean erreakzioa molekulen arteko talken bidez burutzen dela kontsideratzen da. Horregatik, erreakzio-abiadurak segundoko talka-kopurua neurtzen du. Oro har, tenperatura igota erreakzio-abiadura bizkortu egiten da. Tenperaturaren arabera erreakzioaren abiadura erakusten duen legea Arrheniusena da.
Termodinamikaren arloan, gasen teoria zinetikoak dentsitate txikiko fluidoen ezaugarri makroskopikoak azaltzen ditu osagai diren partikulek duten ordenarik gabeko higiduran oinarrituz. Teoria zinetikoak likidoen ezaugarri batzuk finkatzeko hurbileko eredua eskain dezake.
Fisikaren barruan mekanikaren esparruan, m masa eta v abiadura duen puntu higikorraren energia zinetikoa Ez = 1/2mv2 da. Puntu materialen sistema dagoenean, berriz, guztizko energia zinetikoa puntu bakoitzak duena kalkulatu eta gero denak batuta lortzen da.
Atzera