Arabiar Emirerri Batuak
(al-Imarat al-Arabiyah al-Muttahidah). Arabiar penintsulako estatua, Persiar golkoko H-an. Zazpi emirerrik osatzen dute: Abu Zabi, Ajman, Dubai, Fujaira, Ash-Sharigah, Ras al-Khaimah eta Umm al-Kaiuain. Lurraldearen % 80 Abu Zabi emirerriak osatzen du. Lurraldea desertikoa. Mende-hasieran perla-bilketa eta itsas merkataritzan oinarritutako ekonomia nagusi bazen ere, petrolioa eta gas naturala dira egun ekonomiaren ardatza; ondorioz populazioaren gehiengoa etorkinez osatuta dago. Lurraldea "Piraten kostaldea" izenaz zen ezaguna antzina, baina 1853an Britainia Handiarekin sinatutako akordioaren ondoren Trucial States (Treguaren Estatuak) izena hartu zuen. 1971n sei emirerri batu eta federazio independentea osatu zuten, eta 1972an Ras al-Khaimah elkartu zitzaien. Arabiar Emirerri Batuetako gobernu federalean, emirerri bakoitzeko buruzagiek osatutako kontseilu gorenak agintzen du. Arabiar Emirerri Batuek neutral izan ziren Iran-Irakeko gerran (1980-88), baina Golkoko gerran (1990-91) Iraken aurkako nazioarteko koalizioan parte hartu eta tropak bidali zituzten.
Atzera