Bakedano (familia)

Nafarroako erresumako zerbitzari izandako familia nafarra, jatorriz Ameskoakoak (XIV-XV. m.). XIV. mendearen erdialdeaz geroztik eragin handia izan zuen Gaztelako mugaren inguruko lurretan. Bando-gerren hasieran kide gehienak agramondarrak ziren, baina gerra amaitzerako kide batzuk beaumondarren bandora pasatu ziren. - Gonzalo Ramirez. Biasteriko gazteluko alkaidea izan zen (1390). Nafarroako errege Karlos III.a Prestuaren ordezkaria zela, Gaztelako erregearekin akordioa sinatu zuen (1395). Erregeak Muesko gaztelua eman zion (1397). Karlos III.aren kamarlengo (1414), Lizarrako merio (1425) eta Artaxonako gazteluko alkaidea izan zen (1425). - Joan Fernandez. Joan II.a Trastamarakoaren ezkutari agramondarra. Karlos IV.a Bianako Printzearen aurka borrokatu zen. Bere leialtasunaren truke erregeak Ameskoa ibarreko zerga eta petxen eskubidea eman zion (1456). - Lope. Lizarrako merio eta bertako gazteluko alkaidea. Lizarrako Belmecher eta Zalatambor gazteluak beaumondarrentzat konkistatu zituen (1491). Ordain gisa Meremneko bizkonderria eta Joan Albretekoak Frantzian zituen jabegoen jurisdikzioa lortu zituen. - Fernando. Gollanoko jauna izan zen 1476.az geroztik. Erresumako notario-buru, kontseilari eta finantzaria izan zen (1492). Arradako jaunari, Etaiu, Oko eta Granadako jurisdikzioak erosi zizkion.



Atzera