Bustinza Lasuen, Ebaristo (izg. Kirikiņo)

Euskal idazle, kazetari eta hizlari bizkaitarra (Maņaria, 1866-1929). Txikitan Albacetera joan zen familiarekin (1878). Madrilen matematika eta fisikan lizentziatu eta Guadalajaran irakasle izan zen. Euskal Herrira itzuli (1899) eta, Azkuek deiturik, Euskalzale aldizkariko lankide izan zen; bertan argitaratu zuen bere lehen obra: Zerutar bat. Azkueren hiztegia gauzatzen lagundu zuen. Bizkaiko Aldundiko Euskarako katedran Azkue ordezkatu zuen (1902-06). Euzkadi egunkariko "Euskal Atala"-ren arduradun izan zen, "Kirikiņo" ezizenaz (1913). Hainbat euskal idazleren obrak bizkaierara itzuli zituen; Anton Berakatz (1914) bakarrizketa eta Abarrak (1918) herri-hizkera bizian moldaturiko irakurgai errazen bilduma argitara eman zituen. Euskara-irakasle, poeta, kazetari eta euskal idazle izateaz gain euskal kanta ezagun askoren letra idatzi zuen. Oso idazle aberatsa izan zen, bai zerabilen estiloagatik bai kalitateagatik; idazkera erraza eta herri-hizkera erabiliz taxuturiko lan ugari egunkarietan sakabanatuta argitaratu zituen. Bere narrazio laburrak liburuetan bildurik daude: Abarrak, Bigarrengo Abarrak, Abarrak ... eta abar, Egunekoa, Edo geuk edo inork ez eta Guda Nagusia. Hizlari bezala ere nabarmendu zen; euskal jaietan eta mitinetan maila guztietako jendearengana iristea lortzen zuen; hein batean, Bizkaian euskaltzaletasuna indartzea bere lanaren ondorio izan zen. - Rosa (izg. Maņariko Errose) (Maņaria, 1899-1953), aurrekoaren iloba. Euskal Herriko ipuinak batu, jantzi, idatzi eta argitaratu egin zituen. Irudimen aberatsa zuen; baserrietan zehar hamaika ipuin zahar jaso eta berpiztu zuen, euskal kulturarako eta etnologia aldetik balio handiko lana burutuz. Olerki eta kantu-letrak ere egin zituen; euskara erraz eta herrikoian sorturiko lanak hainbat euskal aldizkaritan barreiaturik daude. Euskalerriko Ipuinak izenburupean argitaratu dira bere ipuin eta alegiak.



Atzera