Garai, Joan
Konkistatzaile bizkaitarra (Urduña, ~1527 - Argentina, 1583). Hamabost urterekin Perura joan zen bere osaba Pedro Ortiz de Zaraterekin eta hango konkistatzaileen armadan trebe jokatu zuen. Santo Domingo eta Santa Cruz de la Sierra (gaur egun Boliviakoa) hirien fundazioan esku hartu zuen (1561). Río de la Platara joan eta lurralde hartako zaindari izendatu zuten. Hiri bat sortzeko agindua jaso zuenean Santa Fe de la Vera Cruz hiria fundatu zuen Paraná ibaiaren ertzean (1573). Río de la Platako kapitain jenerala izan zen. Uruguai eta El Salvadorko lurraldeak, berak Bizkaia Berria izena eman ziena, esploratu zituen. Argentinara itzuli eta Buenos Aires hiria populatzea erabaki zuen (1580); hiri hau 45 urte lehenago sortua zen, baina indiarrek suntsitu eta setiatu egiten zuten. Lehendik ere, 1544an, Alvar Nuñez de Vaca hiria populatzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Garairen aginduz beste hiri berri bat sortu zen aurrekoaren ondoan; ez zen bertako indiarren gustukoa izan eta, Tububa buru zutela, erasotzeko prestatu ziren. Espainolek erasoari aurre egin eta Tububa buruzagia hil zuten. Buenos Airestik hegoalderako lurraldea esploratzeko espedizioa prestatu zuen; itzulerako bidean indiarrek espainolak inguratu zituzten eta erasoan Joan hilik gertatu zen.
Atzera