Gaulle, Charles de
Militar, politikari eta estatu-gizon frantsesa (Lille, 1890 - Colombey-les-Deux-Eglises, 1970). Lehen Mundu-Gerran preso hartu zuten. Bigarrenean, eta brigada-jeneral zelarik, Petain-ek Alemaniarekin 1940an sinaturiko armistizioari uko eginik, Londres-era egin zuen ihes, eta erresistentziarako deia zabaldu. Degradatu eta heriotza-zigorra ezarri zioten. Askapen Nazionaleko Frantses Komiteko buru bihurtu zen (1943). Behin-behineko gobernuaren buru izan zen (1944-46). RPF eraiki zuen (1947). Gobernu berria osatzeko deitu ziotenean (1958), konstituzio berria onartarazi eta V. Errepublika fundatu zuen. Errepublikako lehendakari izendatuta (1958), Aljeriari independentzia eman zion (1962). Frantzia munduko potentzia handi bihurtzeko politika bideratu zuen. Berriro lehendakari hautatuta (1965), eta 68ko maiatzeko krisia nolabait gainditurik, Senatua eta eskualdeak berrantolatzeko proiektua atzera bota ziotenean, dimititu egin zuen (1969). Liburuak ere idatzi zituen (Armada profesionala, 1934; Gerrako oroitzapenak, 1954-58).
Atzera