Harriet, Martin
Euskal idazle lapurtarra (Larresoro, 1714 - ?). Larresoroko errege-notario zela, ospea eman zion Gramática escuaraz eta francesez, composatua francez hitzcunça ikhasi nahi dutenen faboretan liburukia kaleratu zuen (1741). Euskaldunek frantsesa eta frantsesek euskara ikasteko bitartekoa izatea nahi zuen; praktikotasun eta errealismoz egin zuen. - Maurice. (Haltsu, 1814-1904), aurrekoaren biloba. Apaiztu aurretik eta ondoren irakasle-lanetan jardun zuen, bere anaia Fabien-ekin sortutako Institution Saint-Leon ikastetxean lehenik eta Baionako apaizgaitegian ondoren. Madrilgo San Luis de los Francesesko errektorea izan zen 1854-78 bitartean; bertan Euskal Herriko zenbait unibertsitari ezagutu zuen, horrela euskalkiak landu ahal izan zituelarik. Haraneder idazlearen Testament Berria argitara eman zuen (1855). Haltsura erretiratu eta euskal hiztegia prestatzeari ekin zion (1878). Lan eskerga egin zuen; 3.536 orrialde zituen prestatuak, baina ez zen inoiz argitaratzera ausartu.
Atzera