Medrano
Erlijioso, politikari eta militar ospetsuak eman zituen familia nafarra, jatorriz Iguzkitzakoa. XIV. m.az geroztik izan zuten garrantzia Nafarroako erresumako historian. - Joan Martin. Goi-nobleziako jauntxo handia, lur eta ondasun askoren jabea. Nafarroako eta Gaztelako erregeen arteko gorabeherak konpontzen bitartekari ibili zen (1331). Sartagudako jauna izan zen (1332). - Joan Belaz. Zaldun nafarra, Iguzkitzako jauna eta Doneztebe-Deioko gazteluko alkaidea. Nafarroako Karlos III.a Prestuak Frantziara eginiko bisitan laguntzaile izan zuen (1397). Languedoc-eko gerran Nafarroako erregearen alde borrokatu zen (1412) eta erregearen kamarlengo izan zen (1423). Gaztelauek Bianari eraso ziotenean haien kontra borrokatu zen (1429). - Ferran Belaz. Iguzkitzako jauna eta Doneztebe-Deioko gazteluko alkaidea. Ondorengotza-eskubideagatik Joan II.aren eta bere seme Karlos IV.aren artean izandako gerran, Joan II.aren eta beaumondarren aldekoa izan zen. Karlosen jarraitzaileak Uxanabillan babestu zirenean, haien kontrako erasoan parte hartu zuen (1452).
Atzera