zaldun

iz. 1. Aitoren semea. 2. Erdi Aroan, zaldiz borrokatzen zena. Normalean goi-mailako klaseko kidea izan ohi zen. 3. Zaldun-ordena bateko kidea. 4. Kartetan, zaldiaren irudia duena. • zaldun-liburu. Zaldunen alegiazko abentura eta balentriak azaltzen eta goraipatzen dituen prosazko liburua. || zaldun-ordena. HIST. Erdi Aroan zaldunek sortutako erakunde militarra, zaldiz borrokatu eta arau batzuen arabera gobernatzen zena.
Erdi Aroan Elizak elkartu egin zituen gerlari germaniarren errito zaharrak eta zenbait sakramentu emateko erabiltzen zituen zeremoniak. Horrela errito batzuk osatu ziren eta horien bidez heltzen zen zaldun izatera. Eta Elizak eta erregeek izaeraz mistoak ziren ordena militarrak sortu zituzten; haietako zaldunak erlijiosoak eta aldi berean militarrak ziren eta Ekialdeko gurutzadetan edo Espainiako Errekonkistan hartu zuten parte. Ordena militarrik zaharrena Jerusalemgo San Joan, Rodas eta Maltako Ordena Subirano Militar eta Ostalaria izan zen. 1099an sortu zen Jerusalemen erromesei babesa emateko. XII. m.aren hasieran Tenpluko ordena edo tenplarioena sortu zen. Aldi berean apaiz eta militar ziren tenplarioak ere. Espainian ordena militar ezagunenak Calatrava, Santiago, Alcántara eta Montesakoak izan ziren.
XVI. m.an zaldun horien menturetan oinarritutako zaldun-liburuek arrakasta izan zuten. Haien aurrekariak XII. m.an Chrétien de Troyes-ek bildutako bretainiar zikloko zaldun-nobelak (Arturoren kondaira) ziren. Liburu haietan Erdi Aroko zaldunen espiritua berpizten zen. Inoiz akitu gabe, akaberarik ez duten gizagaineko ekintzak burutzen dituzten izen bitxiko zaldunak agertzen dira. Alegiazko heroiak, mirariak, gaztelu sorginduak eta munstroak dira ipuin-mota honen ikonografia osatzen dutenak. Bere dama ahotan hartuta gaindituko ditu zaldunak larrialdi guztiak. Espainiako literaturan Amadis Gaulakoa izan zen zaldun-liburuetan famatuena. Cervantesek zaldun-liburuen generoa barregarri uzteko idatzi zuen Kixote Manchekoa obra, baina zaldun-libururik bikainena eta agian azkena sortu zuen.




Atzera