Zangozako merindadea
Agoizko merindadea ere izendatua. Nafarroako IE-ko eskualdea, Aragoi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko mugan; 2.982 km2, 56.475 bizt. eta hirurogeita bost udalerri: Abaurregaina, Abaurrepea, Agoitz, Aranguren, Aria, Aribe, Artzibar, Auritz, Bidankoze, Burgi, Burlata, Egues, Eiaurrieta, Elo, Erroibar, Erronkari, Esa, Eslaba, Espartza, Esteribar, Ezkaroze, Ezporogi, Galipentzu, Galoze, Garaioa, Garde, Garralda, Gazteluberri, Gorza, Hiriberri, Ibargoiti, Irunberri, Itzagaondoa, Itzaltzu, Izaba, Kaseda, Leatxe, Ledea, Lerga, Lizoainibar, Longida, Luzaide, Nabaskoze, Noain, Oibar, Orbaitzeta, Orbara, Orontze, Orotz-Betelu, Orreaga, Otsagabia, Petilla, Sartze, Tiebas-Muru Artederreta, Uharte, Untzitibar, Urraul Beiti, Urraul Goiti, Urraul-Ekialdekoa, Urrotz, Urzainki, Uztarroze, Xabier, Zangoza eta Zare. Nafarroako mer.etan handiena eta biztanle-dentsitate txikienekoa da. Pirinioetako mendietatik Nafarroako erdialderaino zabaltzen da; I-an (Hiru Errege Mahaia, 2.428 m; Budogia, 2.305 m) eta M-an (Ukerdi, 2.251 m; Ezkaurre, 2.050 m) mendi altuak daude; H-an, mendiak txikiagoak dira (Ollate, 1.423 m; Arangoiti, 1.355 m). Aragoi ibaiak, bere adarrekin (Erro, Urrobi, Irati, Zaraitzu, Ezka), osatzen du mer.ko sare hidrografikoa. Bi klima bereizten dira, mediterranearra H-an eta mendialdekoa I-an. Pirinioetako haranetan abeltzaintza (ardiak, behiak), basogintza eta laborantza (patata eta zuhainak) dira nagusi; erdialdean laboreak, eta H-an, berriz, ureztapeneko laborantza intentsiboa (zerealak, mahastiak). Industrializazioa oso apala da; Zangoza, Agoitz eta Irunberri dira industrigune ia bakarrak.
Atzera