Zumalabe

Euskal kultur eragile gipuzkoarrak. - Jose Migel (Donostia, 1907-92). Pinturari ekin zion gaztetan eta gero zahartzean batez ere; sari batzuk irabazteaz gain, 1984an Donostian egindako bakarkako erakusketan arrakasta lortu zuen. Euskararen aldeko hainbat ekimen bultzatu zuen: Donostiako Santo Tomas Lizeoaren sorreran eta Zeruko Argia aldizkariaren sortze berrian, bereziki. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1973an. UZEIko lehendakaria izan zen (1979-83). - Agustin (Donostia, 1914 - Paris, 1981), Jose Migel Zumalaberen anaia. Argia, Tierra Vasca eta Yakintzako kolaboratzaile izan zen. Gerra Zibilean Frantziara erbesteratu zen; itzulitakoan merkataritza-ikasketetarako akademia bat zabaldu zuen Donostian. Itzulpenak egin zituen: B. Estornes Lasaren Sabin Euskalduna (1935) eta J. Verneren Munduaren itzulia larogei egunetan. Eusko-Yakintzako lehendakaria eta Eusko Ikaskuntzako idazkaria (1977-81) izan zen. -Joxemi (Donostia, 1950-93), Jose Migel Zumalaberen semea. Arkitektura-ikasketak Bartzelonan egin ondoren, euskal prentsan jardun zuen buru-belarri, kazetari, marrazkilari, kudeatzaile eta enpresari gisa. Argia astekariaren eta enpresaren eragile nagusietakoa eta zuzendaritzako partaide izan zen. Euskaldunon Egunkaria sortzeko proiektua bideratzen parte nagusia izan zuen, eta gero, enpresako administrazio-kontseiluko kontseilari ordezkaria izan zen. EKBko lehendakariordea izan zen.



Atzera