adopzio

iz. Adoptatzeko ekintza eta horren ondorioa.
ENTZ.
Adopzioaren aztarnak oso aspaldikoak dira. Hamurabiren kodean jada arautua zegoen eta Kaldea, Egipto eta Indiako legerietan ere aurki dezakegu baina Napoleonen kodean oinarritutako legeria modernoek esleitzen dioten funtzioaren oso bestelakoa betez.
Adopzioa burutzeko hainbat baldintza betetzea beharrezko da bai adoptatzailearen aldetik eta bai adoptatua denaren aldetik:
a) Adoptatzaileak (edo bere ezkontideak, ezkondua den kasuetan) 30 urte baino gehiago eduki behar ditu eta adoptatua denak baino 16 gehiago.
b) Ondorengo egoeratan dauden pertsonek ezin dute umerik adoptatu:
-beren egoera erlijiosoa dela medio, ezkontzea debekatua duten pertsonek (mojek, apaizek, etab.).
-tutoreak bere tutoretzan duen pertsona.
-ezkontide batek bestearen adostasunik gabe.
c) Adoptatzaileak bere eskubide zibilen jabetza eta usaera osoa izan behar du.
Adoptatua denaren aldetik, gurasoen baimena behar du adoptatua izateko. Bertan behera utzia egon behar du eta norberaren adostasuna ere behar da adoptatuak 14 urte baino gehiago dituenean.
Adopzioa bi eratakoa izan daiteke: osokoa, adoptatuak odoleko umeen antzeko edo eskubide berberak dituenean eta bakuna, adoptatuak odoleko umeek baino maila apalagoko eskubideak dituenean.
Adopzioa errebokaezina bada ere, bere iraungipena eska dezakete ondoko pertsonek legeak ezartzen dituen egoeratan: adoptatuak berak, amaordeak edo aitaordeak edota ministerio fiskalak.




Atzera