alano

1. iz. eta izond. Irandar jatorriko herri barbaro bateko kidea; herri horri dagokiona. 2. iz. Ehizarako erabiltzen den buru handiko txakur indartsua.
Alanoek Kaspiar Itsasoaren inguruan finkatutako herria osatzen zuten. Partiar eta erromatarren aurka aritu ondoren, godoek gaur egungo Hungarian zokoratu zituzten (337). Hunoek eraso egin zietenean Germania gurutzatu behar izan zuten. Erromatar inperioan sartuz joan ziren eta Galia hartu zuten (406-407). Batzuk sueboekin eta bandaloekin bat egin, Pirinioak gurutzatu eta Iberiar penintsulan finkatzen saiatu ziren, baina bisigodoek sarraskitu egin zituzten (418). Bizirik iraun zutenek Genserikorekin bat egin eta Afrikara ihes egin zuten. Beste taldea Galian kokatu zen. Aezio jeneral erromatarrak Loira inguruan lurrak eman zizkien eta alanoek Atilaren aurkako borrokan lagundu zioten. Batzuk V. mendean suntsiturik desagertu ziren (Italiako espedizioa, 451) eta beste batzuk VI. mendean beste herri batzuekin nahastean desagertu ziren.




Atzera