iberiar

adj. eta iz. Iberiar penintsulako zenbait tributako kidea; tribu horiei dagokiena.
Historialari grekoentzat, iberiarrak Mediterraneoaren kostaldean eta Andaluzian bizi ziren tribuak ziren. Estrabonek, zehazki, Rodano ibaiaren eta Gibraltar itsasartearen artean kokatzen ditu. Hitzak ez du beraz, esanahi etnikorik, geografikoa baizik. Historialari grekoek iberiarrak kultuak zirela utzi dute idatzia, batez ere barbarotzat jotzen zituzten penintsularen barnealdeko zeltekin alderatuta. Baina iberiarrek zeltekin elkartu ziren VI. m.an eta herri zeltiberiarra sortu zuten. Eguzkia eta zezena gurtzen zituzten eta greko eta feniziarren eraginez zibilizazio garrantzitsua sortu zuten. Bitxiak eta zeramikazko artelan ugari aurkitu da, baina eskulturan garatu zuten teknika harrigarria. Aurkitutako piezen artean ezagunena Elxeko dama da. Kartagoarrek eta gero erromatarrek menperatu zituzten.
Iberiarren sorrerari buruzko hainbat mito eta polemika egon da gure artean. XVI. m.an euskal iberismoaren teoria sortu zuten eta XIX. m.ko jakintsu eta hizkuntzalari alemaniarrek indartu, euskaldunon hizkuntzaren eta zibilizazioaren berezitasuna azaltzeko. Baina gaur egun, euskaldunok garai bateko iberiarren ondorengoak garela dioen hipotesia gainditua dago.
Bosch Gimpera historialari ospetsuaren arabera, iberiarrak "kapsiense" eta "piriniar" herriek beste hirugarren herri batekin bat egin zutenean sortu ziren, eta hirugarren etnia hori "iberosahararra" izan omen zen. Nahasketa honek, kolonizatzaile fenizioekin eta grekoekin harremanetan hasita, iberiarren kultura eta artea eman bide zuen. Hauxe da gaur egun indarrean dagoen hipotesia.




Atzera