greko
1. iz. eta izond. Greziako herritarra; Greziari dagokiona. 2. iz. HIZKL. Grekoek hitz egiten duten hizkuntza indoeuroparra. • Eliza greko. ERL. Greziako Eliza ortodoxo burujabea. || i greko. Ik. i.
HIZKL. Greziaz kanpo Egeo itsasoko ia uharte guztietan, Anatoliatik mendebaldeko itsasaldean eta Zipren ere hitz egiten da grekoa. Gutxi gorabehera lurralde horixe izan da hizkuntza indoeuropar honen eremua K.a. 2000. urtetik hona. K.a. VIII-VI. mendeetan Mediterranearreko kolonia grekoetara zabaldu zen; baina erromatarrak nagusitzean latina nagusitu zen horietan. Mizenasko zibilizazioak (K.a. XIV-XII m.) grekoaren idazkera silabikoa erabili zuen; VIII. mendean literatura greko handia hasi zenerako, ordea, feniziarrengandik zuten hartua alfabetoa, baina horren kontsonaneei bost bokal gaineratuz. Mizenastar garaiaz gain, beste lau aldi bereizi ohi dituzte grekoaren historian: antzinako garaia, dialektoena (K.a. VIII-IV. m.), garai helenistikoa edo greko batuarena (koine) (K.a. IV-K.o. IV.m.), bizantziar garaia (IV-XV. m.) eta garai modernoa (XV. mendetik gaur artekoa). Antzinako grekoan lau dialekto-talde nagusien bereizketa egiten dute hizkuntzalariek: mendebaldekoa, eoliera, joniar-atikera eta arkadiera-ziprera. Literatura greko arkaikoa (Homero, Hesiodo) eta klasikoa hainbat dialektotan landu zuten, arkadiera-zipreraz izan ezik, baina IV. mendetik aurrera eta garai helenistikoan joniar-atikera nagusitu zen.
Lexikoari dagokionez, grekoak hainbat hitz hartu zituen lurraldeko aurreko hizkuntzetatik; baina bere aldetik ere lexiko oso aberatsa eta zehatza landu zuen, aurrizkien eta konposizioaren bidez -hiztegi hori guztiz garrantzizkoa gertatu da gero Mendebaldeko hizkuntzentzat, batez ere terminologia filosofikoa eta zientifikoa lantzeko-. Greko klasikoak hiru genero ditu izen, izenlagun eta izenordeetan: maskulinoa, femeninoa eta neutroa; hizkuntza deklinatua da eta aditz-jokoan esanahi handia du aspektuak.
Helenismoak koinea zabaldu zuen eta garrantzi guztiz handia hartu zuen administrazioko eta merkataritzako hizkuntza gisa mundu helenistiko osoan. Testamentu Zaharra koinera itzuli zuten III. mendean Alexandrian, eta Testamentu Berria forma horretan dago idatzita erabat. Garai horretan, ordea, greko mintzatua hainbat dialekto eta azpidialektotan zatituz joan zen eta, aldi berean, atikera zaharretik abiatuta forma jasoa sortu zuten. Azken forma "arkaizante" hori nagusitu zen bizantziar garaian administrazioan nahiz literatura nagusian. Greko modernoa dialekto ugari eta elkarren artean oso desberdinetan dago banatuta. Forma estandarrari begira, bi joera borrokatu izan dira XIX. mendetik hasita: herritarra edo demotikoa, batetik, eta arkaizantea eta garbizalea (katarevusa, funtsean lexikoan eta hitz-erro klasikoetara jotzean bereizten dena), bestetik. Lehenengoa da gaur egun hirietako forma mintzatu hedatuena, eta hori da gehienbat gaurko literatur hizkuntza ere. 1976tik aurrera horixe da Greziako hizkuntza ofiziala.
Atzera