bizantziar
adj. eta iz. Bizantzioko edo Bizantziar inperioko herritarra; hiri eta inperio horri dagokiena.
ART. Bizantziar artea erlijiosoa izan zen gehienbat, eta arte erromatarra, helenistikoa eta ekialdeko paleokristaua izan zituen iturri. Hasiera batean aginte absolutua eta goratze mistikoa adierazteko helburua zeukan. Horren ezaugarri estetiko izan ziren formen handitasuna eta irudien frontalitatea. Hala ere, geroago forma biziago eta motibo ugariagoko formetara aldatzen joan zen. Literatura eta musika bizantziarrek ere printzipio berari jarraitu bazioten ere, bereziki arte bisualen alorrean isladatu zen balore erlijiosoen gorespena eta hauetan garatu ziren elementu berriak.
Arkitekturan, antzinako basilika kristauari petxina gaineko kupula ezarri zitzaion eta gurutze grekoko oinplanoa bezalako berrikuntzak sartu ziren. Monumentuek irekigune ugari zituzten eta eguneko orduekin argi-itzalek egin jokoen arabera antolatzen ziren; efektu hau indartzeko urrea erabiltzen zen, mosaikoak argitu eta irudiak bizitzen baitzituen. Pintura eta arte dekoratiboetan, mosaikoaren teknika hobetu zen eta ikono eta miniaturetako eredu piktoriko berriak sortu ziren.
Bizantziar arteak, inoiz uste izan denaren aurka, ez zuen estatiko iraun bere hamar mendeko bizitzan. Hiru garai bereziki oparoak izan zituen: Justinianoren garaian (527-65) bizantziar artearen oinarriak ezarri ziren. Adibide arkitektoniko nagusia Konstantinoplako Santa Sofia eliza izan zen, 55 metroko altuera eta 30 metrotik gorako diametroko kupula duena. Kupula hau lau petxina gainean eraikia da eta inguratzen duten kontrahormek euskarri sendoa ematen diote. Garai honetako beste monumentu aipagarriak, Konstantinoplako Serjio eta Bako santuen eliza, Ravennako elizak eta Sinaiko Santa Katalinarena dira.
VII. eta VIII. mendeak ez ziren hain oparoak izan artean. Enperadoreek jainkoen gurtzako irudiak debekatu zituztenean, aldaketa etorri zen monumentuen dekorazioan: Kristo pantokratorrak gurutzeari egin zion lekua. Bigarren oparoaldi artistikoa, mazedoniar errenazimentua (867-1057) deitua izan da. Garai honetako egitura arkitektoniko berezia, gurutze grekoko oinplanoaren eredukoa izan zen, aldaera zenbaitekin. Adreilua eta harria sartu ziren elementu apaingarri gisa. Eraikin nabarmenenak, Veneziako San Markos eliza, Palermoko Palatina kapera, Siziliako Monrealeko katedrala eta Kieveko Santa Sofia dira. Bikainak dira halaber, eliza horietako mosaikoak, batez ere hiru lehenengoetakoak. Arte txikietan ere garai loratuena izan zen. Hain zuzen kopista-tailerretan liburu sakratuak kopiatzen zituzten eta modu askotara ilustratzen zituzten miniaturekin. Parisko Liburutegi Nazionalean daude horietako eskuizkribu ederrenak.
Paleologotarren garaia (1258-1453) izan zen arte plastikoen azken loraldia. Aurreko aldietako ikonografiak iraun zuen arren, arte plastikoen konposizio konplexuagoak nabari dira. Garai honetako pintura-estiloaren adierazpide, Konstantinoplan dagoen Korako San Salbador elizako mosaikoak eta Greziako iparraldean dagoen Atos mendiko monasterioetako freskoak dira. Arkitekturan berriz, garai mazedoniarreko ereduak eta elementu autoktonoak konbinatu ziren, esaterako Errusiako Novgorod-eko elizetan, bere erraboil formako kupulekin. Eta garai honetan garatu zen bereziki ikonoen pintura; eskola garrantzitsuena errusiarra izan zen, Novgorod eta Mosku ingurukoa.
Arte bizantziarra Bizantzioko mugetatik at hedatu zen, eta Mediterraneoan, Balkanetan eta Errusian barrena zabaldu zen. Halaber izan zuen eragina Erdi Aroko Europan, bereziki Italian.
Atzera