bokal
iz. HIZKL. Ahots-korden bibrazioz sortu eta glotisgaineko barrunbetik trabarik gabe igaroz gauzatzen den fonema.
Gaur egun erabiltzen den terminologia fonetikoa eta hizkuntz soinuen sailkapena ezaugarri fisiologikoetan edota artikulaziozkoetan (hortik labial, herskari, sabaikari, etab. terminoak) oinarritzen dira nagusiki. Baina unitate fonikoak bokal eta kontsonanteetan bereiztea ez da datu artikulatorioetan oinarritzen. Platon eta Aristotelek hizkuntz soinuen artean entzun daitezkeen elementuak (bokalak) eta entzun ezin direnak (kontsonanteak) bereizi zituzten. Geroago, epikurearrek eta estoikoek soinu ozenen, eta beraz beraiek bakarrik silaba osa dezaketenen (sonantea edo bokala), eta gaitasun hori ez dutenen (kontsonanteak) arteko bereizketa egin zuten.
Artikulazioaren ikuspuntutik, ahotsa glotisgaineko barrunbean barrena trabarik gabe igarotzen denean gertatzen dira bokalak. Pasabide zabaleko soinua da, hortaz, eta ahostuna eskuarki. Sailkapen artikulatorioan, artikulagunea (aurrekoak, erdikoak, atzekoak) eta artikulazio-modua izaten da kontuan, azken hau zehazteko hiru faktore daudelarik, hots, irekidura-maila, ezpainen biribiltasun-gradua eta aho-gingilaren posizioa. Euskarak bost fonema bokaliko ditu eta gaztelaniaren sistema bokalikoarekin harreman handia izan arren, bokal hauen gauzatzeak desberdinak dira sistema biotan.
Atzera