soinu

iz. 1. FIS. Ingurune elastiko batean (adib., airean) objektu baten bibrazioek eragindako presio-uhina hedatzean datzan fenomenoa. 2. Delako uhinek giza belarrian eragiten duten sentsazioa. 3. (hed.) Musika. Nola soinua, hala dantza. 4. Eskusoinua.
Entzumenak jasotako sentsazioa higidura bibrakorra duten gorputzek sortzen dute. Airea oso konprimagarria denez, bibrazioek presio-aldaketak eragiten dituzte, eta ondorioz, batetik bestera hedatzen diren airearen dentsitate-aldaketak sortzen dira, soinu-uhina eratuz. Horrelako uhinak belarrira heltzen direnean, tinpanoa jo eta hau ere bibratzen hasten da, bibrazioak erdiko belarriko hezurtxo-kateara eta gero barne-belarrira transmitituz. Alabaina, belarrira heltzen den soinu-uhina guk entzuteko modukoa izateko, maiztasunak 16-20.000 Hz bitartekoa izan behar du, horixe baita gure espektro entzungarria. Balio horretatik gorakoak ultrasoinuak dira eta beherakoak, aldiz, infrasoinuak.
Soinu-uhinak sortzeko eta hedatzeko baldintza euskarri materiala izatea da eta, beraz, edozein solido, likido eta gasetan hedatzen da soinua, baina ez hutsean. Soinuaren hedapen-abiadura ingurunearen elastikotasunaren menpekoa da, eta hortaz, material batetik bestera aldatu egiten da. Airean, ohizko baldintzetan, 331 m/s-koa; burdinan 5.130 m/s-koa; eta uretan 1.435 m/s-koa da, adibidez.
Soinuaren ezaugarriak altuera, intentsitatea eta tinbrea dira. Altueraren arabera soinua baxuagoa ala altuagoa dela esan daiteke; ezaugarri hau uhinaren maiztasunari lotua dago zuzenean. Intentsitatea soinuaren ozentasun-maila definitzeko erabiltzen da; uhinaren anplitudeari lotua dago. Tinbrea bere osagai diren soinu harmoniko desberdinen intentsitate erlatiboen araberakoa da, eta maiztasun edo altueratik independentea da.




Atzera