ortodoxo

iz. eta izond. 1. Erlijio bateko dogma eta doktrinari atxikia edo harekin ados dagoena (heterodoxo edo heretikoari kontrajarria). 2. Doktrina batean jatorrizkotzat edo egiazkotzat jotzen diren printzipioei atxikia dena. Sozialista, komunista ortodoxoa. Ekonomilari ortodoxoa. 3. XI. m.an Erromatik bereizitako Ekialdeko Elizari dagokiona. Apaiz ortodoxoa. Greziako Eliza ortodoxoa. Errusiako Eliza ortodoxoa. 4. Juduen artean, antzinako tradiziozko erlijioari hertsiki atxikitzen zaion korronteari dagokiona (erreformatuaren aurrez aurre).
Elizaren adar nagusietako bat da ortodoxoa, katolikoarekin eta protestantearekin batera. Konstantinoplako patriarkarekin elkartasunean dauden hainbat elizak osatzen dute eta denek onartzen dituzte Elizaren lehen zazpi kontzilio ekumenikoak, bereziki Kaltzedoniako IV. Kontzilio ekumenikoa (451); horrek definitu zuen Kristori buruzko funtsezko dogma: haren jainkozko eta gizonezko izana, alegia. Hori onartu ez zuten elizak monofisitak dira eta Ekialdeko Eliza ortodoxotik kanpo daude: siriar monofisita, siriar jakobotarra, armeniar gregoriotarra eta koptoa (azken horrek "kopto ortodoxo" izena ematen dio bere buruari). Mendetako tirabira erlijiozko, teologiko eta politikoen ondorioz burutu zen Ekialdeko Eliza ortodoxoaren eta Eliza katolikoaren arteko banaketa, 1054an Leon IX.a aita santuak eta Konstantinoplako Zerulario patriarkak elkar eskumikatu zutenean.
Erromatar Eliza katolikoaren alderantziz deszentralizatua da Eliza ortodoxoaren egitura, antzinako patriarkatzen arteko autonomian oinarritua: Konstantinoplakoa, Antiokiakoa, Jerusalemgoa eta Alexandriakoa dira horiek; Moskuko patriarkatza Konstantinopla turkoen eskuetan erortzean sortu zen. Antzinako patriarkatzen artean Erromako aita santuenari lehentasun-modukoa aitortzen dio Eliza ortodoxoak, baina ez jurisdikziozko lehentasunik. Aita santuaren ministerioaren interpretazio hori aparte, ez dago funtsezko ezberdintasunik Eliza katolikoaren eta ortodoxoaren artean, ez sakramentuei dagokienez ez bestelako irakatsietan. Monasterioek pisu handia dute Eliza ortodoxoaren bizitzan eta egituran.
Balkandar penintsulan, Ekialde Hurbilean, Errusian eta herri eslaviarretan dago bereziki finkaturik Eliza ortodoxoa; beste Eliza ortodoxo autonomoak ("autozefaloak") ere badira: Ipar Amerikakoa, Txekoslovakiakoa, Ziprekoa, Poloniakoa. Palestinako kristauen artean Eliza greko-ortodoxoa da handiena.




Atzera