kopto

1. iz. Egiptoko Eliza kristau monofisitako kidea. 2. izond. Koptoena edo haiei dagokiena.
"Eliza kopto ortodoxoa" Egiptoko Eliza kristau monofisitaren izen osoa da; Egipto izenetik dator, hain zuzen ere, kopto hitza. 451n Eliza unibertsaletik bereizi egin ziren Kaltzedoniako kontzilioko irakatsia (Jesu Kristo aldi berean egiazko Jainko eta egiazko gizon dela dioena) onartu ez zutenean. Monofisita grekotikako hitzak "izaera bakarra" esan nahi du; horren arabera, Jesu Kristo itxuraz bakarrik zen gizona.
Monakotzak hedapen eta garrantzi handia izan du beti Eliza koptoan, eta gune liturgiko eta teologiko ez ezik, kultur gune aberatsak ere izan dira. Eliz hierarkiak patriarka du buru, eta apezpikuek, apaizek eta diakonoek osatzen dute.
641ean arabiarrek lurraldea menperatu aurretiko Egiptoren lekukotzat daukate koptoek beren burua. Bere liturgi berezian koptoera erabiltzen dute. VII. mendetik hona gehiengoa musulmana izanik, koptoek hainbat fase igaro dituzte beren kultu-askatasunari dagokionez; 1970. eta 1980.eko hamarkadetan musulman fundamentalisten erasoa zabaldu zen; patriarka bera ere konfinaturik egon zen (1981-85), Mubarak-ek jaregin zion arte. Gaur egun 7 milioi kopto inguru dira. Bada errito koptoko kristau-elkarte katoliko txikia ere, Erromatar Elizari atxikia.




Atzera