druso

iz. eta izond. Siria eta Libanon bizi den eta arabieraz mintzatzen den herri musulman bateko kidea; herri horri dagokiona.
Jatorriz, fatimatarren xiismo ismaildarretik hartutako sineste erlijiosoa duen herria, doktrina eklektikoa izatea eta kideen arteko kohesio eta leialtasuna dira bere ezaugarri nagusiak. Monoteistatzat dute beren burua. Egiptoko Al-Hakim kalifa fatimatarraren (996-1021) jainkotasuna aldarrikatzen zuten, haren erregealdiaren azken urteetan. Herri honetako kideen ustez Al-Hakim ez zen hil, desagertu baizik, eta egunen batean hura urrezko aro bat inauguratzera etorriko den sinestea dute. Kalifa hil ondoren drusoen ideia erlijiosoak Egipton zehar lehenik eta Sirian eta Libanon gero hedatu ziren.
Siriako eta Libanoko gainerako komunitateak bezala, drusoak aiubtarren, mamelukoen eta otomandarren (1516-1918) menpe egon ziren. XVII. mendetik XIX. mendera bitartean drusoak eta maronitak elkarlanean aritu baziren ere, 1859an liskarrak sortu ziren bi komunitateen artean. Frantsesak maronitak babesteko aitzakiarekin Libanon sartu ziren (1918) eta otomandarrak drusoen aurka neurri gogorrak hartzera behartu zituzten. Otomandar inperioa desagertu zenean (1918) eta lurraldeen zatiketa berria egin zenean, drusoek Siria, Libano eta Palestinan zehar sakabanatu behar izan zuten.




Atzera