Libano

(Al-Jumurijah al-Lubnanijah). Asiako estatua, Ekialde Hurbilean. Mugak: I-an eta E-an Siria; M-an Mediterraneoa; H-an Israel. Oso lurralde menditsua da, Libano eta Antilibano mendikateek zeharkatua, eta horien erdian, Bekaa-ko haran emankorra dago. Litani eta Orontes dira ibai nagusiak. Kostaldea estua eta laua da. Klima epela eta nahikoa euritsua da oro har, baina Bekaan klima kontinentalagoa eta desertikoagoa da. Nekazaritzak garrantzi handia du barnealdeko ordokietan bezala kostaldean ere (zitrikoak, platanoak, kakahueteak, zerealak, patata, azukre-erremolatxa, olibondoak, tabakoa, almendrondoak eta mahastiak). Hegazti-hazkuntza. 1975ean gerra zibila hasi aurretik, Beirut hiria eta, hortaz, Libano bera, Ekialde Hurbileko finantza-, merkataritza- eta turismo-gune garrantzitsuena izan zen.
Historia. K.a. III. milurtekoaz geroztik kanaandarrek eta feniziarrek okupatu zuten lurralde hau, eta azken hauek Biblos, Beritos (g.e. Beirut), Sidon eta Tiro hiriak fundatu zituzten. I. milurtekoaren hasieran feniziarrek Mediterraneoko merkataritza menperatu zuten. K.a. VII-I. m.: zehar asiriarren, egiptoarren, persiarren, babiloniarren eta seleukotarren menpe egon zen eta erresuma helenistiko bilakatu zen. K.a. 64-63: erromatarrek konkistatu zuten eta Siriako prob.ari batu zioten Fenizia. 395: Bizantzioren menpeko lurralde bilakatu zen. VII. m.: islamdarrek konkistatu zuten eta bertan erlijio-komunitate desberdinak bizi izan ziren elkarren ondoan. Gurutzadetan, bi mendez, erresuma kristau bat ezarri zen. XIII. m.: mamelukoek islamaren agintea berrezarri zuten. 1516: Selim I.ak, turkiar otomandarren sultanak, mamelukoak garaitu eta bere erresumara batu zuen Libano. 1593-1840: emir drusoek Libano batu zuten eta autonomia lortu nahi izan zuten. 1860: maronitak babesteko aitzakiarekin frantsesek Libanon sartu eta sultan turkiarrari Libanoko mendien lurraldearen autonomia eskatu zioten. 1918: Frantziak Libano gaineko agintea lortu zuen. 1943: Libanoren independentzia aldarrikatu zen. Sistema politiko konfesional bat ezarri zen, boterea maronita, sunni, xii, greko ortodoxo, druso eta greko katolikoen artean banatu zen. 1952-58: C. Chamoun-ek politika mendebalzalea aplikatu zuen. 1958: Nasser-en aldeko nazionalista arabiarrek gerra zibila piztu zuten, EEBBen partehartzeak bukarazi zuena. 1958-64: F. Chehab-ek izan zen lehendakari eta 1964-70 bitartean C. Helou. 1967: errefuxiatu palestinarrak modu autonomoan antolatu ziren. 1970-76: S. Franjieh-en lehendakaritzapean, gatazka larriak gertatu ziren palestinarrekin. 1975: ezkerreko indarren koalizioak, Kamal Junblat-ek gidatuak, 1943ko Hitzarmen Nazionala indarrik gabe uztea eskatu zuen. 1976: gerra zibila hasi zen eta Siriak okupatu egin zuen Libano. Palestinarren aldeko gobernua iritsi zen boterera ondoren. Gobernu hau sunniek, xiiek eta drusoek osatzen zuten eta beren indar armatuak, fedajinak, drusoak eta Amal miliziakoak ziren. 1978: Nazio Batuen Elkarteak indar armatuak ezarri zituen Libanon. 1982: Israelek Libano inbaditu eta Beirut setiatu zuen. PAEko indar armatu palestinarrek eta Siriako armadak Beirutetik irten egin behar izan zuten. Amin Gemaiel-ek hartu zuen lehendakaritza bere anaia Beshir kristauen aitzindaria hil zutenean. 1984: Siriak babestutako batasun nazionalerako gobernua sortu zen. 1985: israeldarrek Libano utzi zuten, baina Hadad komandante kristauaren tropa leialak utzi zituzten hegoaldearen jabe. Gerra zibila izugarri korapilatu zen, eta talde guztiak talde guztien aurka borrokatu ziren. 1988: A. Gemaiel-en agintaldia bukatu zen, ordezkorik aurkitu gabe. Bi gobernu agertu ziren: bata musulmana eta zibila Mendebaldeko Beiruten eta bestea, militarra eta kristaua Ekialdeko Beiruten. 1989: Rene Moauad Errepublikako lehendakaria hil zuten eta Elias Hraui izan zen ondorengoa. 1990: konstituzio berriak boterea orekatu zuen, musulmanen alde. Armada libanoarrak, Siriaren laguntzaz, Aoun jeneralaren erresistentziari amaiera eman zion. 1991: Miliziek armak utzi eta Libanoko armada Beirut Handian eta Libanoko H-an zabaldu zen; horrek estatuaren autoritatea berrezartzen lagundu zuen. 1992: hauteskundeen ondorioz, Rafik Hariri izendatu zuten lehen ministro.
Libanoko mendiak.




Atzera